Aurkezpena

Aurkezpena
Nafarroako Kontuen Ganbera Estatuko kontu epaitegirik zaharrena da. Carlos II nafar erregeak sortu zuen 1365ean Erreinuaren egoera ekonomiko latza konpontzeko asmoz. Erregaren izenean zergak biltzen zituztenen kontuen azalpena, erregearen eskubideak administratzea eta finantza-kontuetan aholkuak ematea ziren, besteak beste, Kontuen Ganberaren zereginak.

XIX. mendean Nafarroako erreinua espainiar probintzi bihurtu zen eta galduriko eskumenen artean Kontuen Ganbera aipatu behar da. 1836ko dekretu batek erakundea desagertarazi zuen.

Kontuen Ganberak 140 urte baino gehiagoko etenaldia izan zuen. 1980an Parlamentuak erakundea berriro martxan jartzeko erabakia hartu zuen. Gurea izan zen fiskalizazio erakundea sortu zuen lehen elkarte autonomoa eta epaitegi zaharraren izen bera hartu zuen.

Gaur egungo Kontuen Ganberak bi eginkizun nagusi ditu: Nafarroako diru publikoa fiskalizatzea eta Parlamentuari aholku ematea ekonomi eta finantza gaietan. Lana fiskalizazio edo aholkularitza txostenen bidez egiten du. Txostenak Parlamentuko Aldizkari Ofizialak ez ezik, Kontuen Ganbera berak ere argitaratzen ditu eta horien berri zehatza eskaintzen zaie komunikabideei.

Erdi Aroan errege-erreginaren zerbitzuan lan egiten zuen erakundea gaur egun erakunde demokratikoa da. Bere azken helburua da hiritarrek zergen bitartez ematen duten dirua administrazioek modu egokian erabiltzen dutela bermatzea. Horretarako legea betetzea ez da aski, diru publikoaren kudeaketan gero eta eraginkortasun handiagoa eskatu behar baita eta horixe da txostenetan eskaintzen diren gomendioen xedea.

Aurkezpen honetan Kontuen Ganberaren egoitza ere azpimarragarria da. Izan ere, erakundeak Iruñeko Antsoleaga karrikan duen etxea Nafarroako hiriburuan dagoen edifizio gotiko bakarra da. Adiotuek diotenez, XIII. mendearen bukaeran eraiki zen eta 1525etik Kontuen Ganberaren egoitza izan zen.