Gaur egun

Kontuen Ganberak ehun eta berrogei urte baino gehiagoko etenaldia izan zuen eta 1980an Nafarroako Parlamentuko organo tekniko gisa birrezarri zen eta hasieratik lanerako independentzia erabatekoa ezagutu zitzaion. Zentzu honetan azpimarratu behar da Nafarroa izan zela demokrazia iritsi ondoren, fizkalizaziorako kanpoko erakunde batez hornitu zen lehen elkarte autonomoa.

1978ko Konstituzio Espainiarrak, bere Lehen Xedapen Gehigarrian "Konstituzioak foru lurraldeen eskubide historikoak babestu eta errespetatzen ditu" aldarrikatuz, Kontuen Ganberaren berreskurapenerako bidea ireki zuen.

Mariano Zufia, Kontuen Ganberako lehen presidentea, kargu-hartze ekitaldian

1980ko urtarrilaren 28an Foru Parlamentuak Erakundearen Birrezarpenerako Araua onetsi zuen eta handik urtebetera Mariano Zufia Urrizalki Kontuen Ganberako lehen lehendakari izendatu zuten.

Kontuen Ganberak bi eginkizun nagusi ditu ezarririk: Nafarroako sektore publikoaren kudeaketa ekonomikoa eta kontuak fiskalizatzea eta Parlamentuari aholku ematea ekonomi eta finantza gaietan. Beraz, erakunde honen azken helburua da hiritarrek zergen bitartez ematen duten dirua administrazioek modu egokian erabiltzen dutela bermatzea. Bere lana fiskalizazio edo aholkularitza txostenen bidez egiten du, Parlamentuko Aldizkari Ofizialaren eta Kontuen Ganberaren beraren argitalpenen bitartez ezagutarazten direnak. Txosten horiek helburu nagusitzat dute fondo publikoen kudeaketa eta hura hobetzeko gomendioak ematea.

Sektore publikoaren kontuak fiskalizatu eta Parlamentuari aholku emateaz gain, Kontuen Ganbera beharturik dago, kontabilitateko erantzukizunen arrastoak somatzen baditu bere lanean, informazio horren berri Kontu Auzitegiari ematera.

Asun Olaetxea lehendakaria, hiru lehendakari ohirekin: ezkerretik hasita, Luis Muñoz, Helio Robleda eta Patxi Tuñon

1982ko Foruaren Hobeagotzeari buruzko Legeak eta Kontuen Ganbera arautzen duen 1984ko Foru Legeak xedatutakoaren arabera, erakunde hau pertsona bakarrekoa da eta bere ordezkaria lehendakaria da, Nafarroako Parlamentuak sei urteko eperako hautatua. Gaur egun, Asun Olaetxea da Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakaria. Aurrekoak honakoak izan ziren: Mariano Zufia (1981-1991), Patxi Tuñon (1991-1997), Luis Muñoz (1997-2010) eta Helio Robleda (2010-2016). Nabarmentzekoa da Kontuen Ganberaren ondoren sortutako kontrol organo gehienek ez diotela eredu honi jarraitu, aitzitik taldeko kudeaketaren bidea hartu dute.

Kontuen Ganberako lehendakariak, erakundearen ordezkari izateaz gain, bere helburuak erabaki eta fiskalizazio iharduketaren ildo nagusiak markatzeko ardura du. Idazkari nagusia izendatzea ere berari dagokio, legelari batek hartu ohi duen kargua. Idazkari nagusiaren betebehar nagusia erakundearen aholkularitza juridikoa zuzentzea da.

Kontuen Ganberaren Foru Legeak, hura erakunde gisa pertsona bakarrekoa izatearen ondorioz, auditoreei garrantzi berezia ematen die, beste kontu auzitegietan beren zerbitzuak ematen dituzten maila berdineko gainerako auditoreengandik bereizten dituena. Nafarroan Ganberako organo eta kide dira, lehendakariarekin eta idazkari nagusiarekin batera; presidentea zenbait erabaki hartu aurretik behartua da horiek diotena aditzera eta zilegi dute Parlamentura bidalitako behin-betiko txostenarekiko beren desadostasuna agertzea hala iruditzen bazaie, eta eraskin bat bidaltzea zertan ez diren ados agertuz.

Auditoretza taldeak, auditore-buruen zuzendaritzapean, txostenak egiten laguntzen dieten teknikariz osatuak daude.

Lehengoez gain Kontuen Ganberan badira beste langile batzuk, administrazio lanak egiten dituztenak, komunikazio arduraduna, informatikaria…