Aurrekari historikoak

Aurrekari historikoak
Nafarroako Kontuen Ganbera, Estatuko kontu-auzitegi zaharrena, 1365. urtean sortu zen Karlos II.a erregeak emandako Agindu baten ondorioz. Erakunde honen sorburua ulertzeko oroitarazi behar da 1274. urtetik 1328ra bitartean Nafarroak ez zuela erregerik eta errege frantsesek gobernatu zutela. Har bedi kontutan Frantzian garai hartan bazirela gastu publikoa kontrolatzeko erakundeak.

Kontuen Ganbera modu ofizialean eratu baino lehenago Nafarroako Erreinuak "Aditzaileak" eta "Kontuen Maisuak" zituen erreinuko finantzen egoera noizean behin kontrolatzeko. María Puy Huici historialariak bere "La Cámara de Comptos de Navarra entre 1328 y 1512" liburuan dioenez gai honi buruz dagoen dokumentazio zaharrena 1258. urteko kontuen Liburua da, eta honek erakusten du Karlos II.aren Aginduaren aurretik ere bazela erreinuko ondasunen nolabaiteko kontrola.

Karlos II.aren errege-aldian Nafarroako Erreinuak egoera ekonomiko latza jasan zuen, gaztelauen, aragoarren, ingeles eta frantsesen kontrako gerren gastuengatik. Ogasunaren une zaila zela-eta, Karlos II.ak erreinuko finantzen gaineko kontrola indartu nahi izan zuen, eta horretarako botere haundiko organo iraunkorra sortu zuen.

Kontuen Ganbera eratzeko Agindua, Karlos II.ak emana 1365eko otsailaren 18an, Erreinuari bere egoera ekonomiko latza kontrolatzeko organo bat ematearren egin zen. Aginduak dioenez erakundea sei lagunek osatua zegoen: Kontuen lau Aditzaile Orokor -"gizon zintzo eta zuzenak" behar dute izan- eta bi elizgizon -notario-lanetan aritzen zirenak-. Horiekin batera, hasmentatik, Atezaina eta Erreinuko Ofizialak dira, aditzaileen eta elizgizonen aginduak betearazteko ardura dutenak.

Kontuen Ganberaren lehenbiziko eskumenak hauexek ziren: aditzea, handik heldu da Aditzaile izena, erregearen izenean zergak biltzen zituztenen kontuen azalpena; Erregearen eskubideak administratzea eta Erreinuko finantza-kontuetan aholkuak ematea.

Oinarrizko hiru eskumen hauetaz gain (gaur eguneko hizkeran fiskalizazioa, administrazioa eta aholkularitza ziren), Kontuen Ganberak beste eginkizun batzuk hartu zituen bere gain, Erregeek eskaturik, seguruenik erakundearen izen ona zela-eta. Ildo horretan oroitaraztekoa da Kontuen Ganberak berehala Ogasun arloko Auzitegiaren izaera bereganatu zuela, eta horregatik beste izen bat eman zitzaiola: Kontuen Ganberaren Auzitegia. Zerga-bilketaz arduratzeko lana ere agindu zitzaion, zehatz-mehatz esan zezan zenbat bildu behar zen eta zer epetan. Ganberako funtzionarioek Nafarroako monedak izan behar zituen kalitatea eta pisua eta bestelako ezaugarriak egiaztatzen zituzten. Moneda zigilatu ere Kontuen Ganberan egiten zen, eta erreinuko ofizialen, jaun feudalen, zaldunen eta soldaduen karguei zin egin ere bai.

Azkenik, esan beharra dago Kontuen Ganberak lan haundia hartzen zuela agiritegia antolatzen. Erakundearen liburu eta agiriak, gaur egun Nafarroak Agiritegi Orokorrean daudenak, Beranduko Erdi Aroari buruzko informazio iturri hoberena dira gaur egun, eta organo fiskalizatzaile honen funtzionamendua ezezik Nafarroako Erreinuko beste aspektu asko ere ezagutzen laguntzen digute.

1365. urtean sortu zenetik, Kontuen Ganbera gero eta garrantzi haundiagoa lortuz joan zen Erreinuaren egitura politikoan. Nafarroako auzitegi honek Kontseilua eta Erregea besterik ez zuen bere gainetik, eta zenbait momentutan Aditzaile batzuk Kontseiluko kide izatera ere ailegatu ziren, nahiz eta hori gaizki ikusia zegoen eta bien partaide izateko bateraezintasunari buruzko eztabaida biztu zen. XIV. eta XV. mendeetan Kontuen Ganberak garrantzi eta ospe haundia erdietsi zuen, bere eskumenengatik, profesionaltasunagatik eta independentziagatik.

Nafarroa Gaztelaren menpera igaro zenean Erregeordeak, batzuetan Gorteek lagundurik, Kontuen Ganbera deusezteko saioak egin zituen. Iruñeko hiriak, aldiz, kontra egin zien erakunde hau desagertarazteko eginahal guziei, eta horren ondorioz lanean segitzea izan zuen XVI. eta XVII. mendeetan. XIX. mendean zentralismoa gogortu eta Kontuen Ganbera desagertarazteko saioak ere ugaritu egin ziren. Azkenik, 1836an errege dekretu batek erakundearen desestatzea agindu zuen eta Erreinua probintzia bihurtu zuen 1841ko Lege Hitzartuak dekretua berretsi zuen.