Egoitza (XIII. mendea)

Egoitza
Kontuen Ganberaren egoitza Iruñeko Antsoleaga karrikako etxe zahar batean dago. Balio artistiko handiko eraikina da Iruñeko edifizio gotiko zibil bakarra delako. 1868an etxea monumento nazional deklaratu zen.

Carlos V. erregeak erosi zuen 1524an Kontuen Ganberak behin betiko egoitza izan zezan eta 1836ra arte etxe honetan jarraitu zuen. Aipatzekoa da egoitza berean diru etxea zegoela eta bertan erreinuko txanponak egiten zirela.

Kontuen Ganbera 1836an desagertu zelarik, bere agiritegi baliotsua Nafarroako Artxibo nagusira eraman zuten eta egoitza honetan Monumentu Historiko eta Artistikoen Batzordea hasi zen lanean. Batzordeak Antsoleaga karrikako etxean 1919an Nafarroako lehen museoa jarri zuen martxan.

1941etik 1994ra arte, Bianako Printzea erakundearen egoitza izan zen eta Nafarroako Unibertsitate Pribatua ere hemen hasi zen. Zuzenbidea eta Kazetaritzako lehen ikasle eta irakasleak etxe honetan aritu ziren Sadarreko kanpusa eraiki arte, 1962ra arte.

1995eko urtarrilean Bianako Printzea erakundea (Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentua) Santo Domingo karrikako ospitale zaharberritura aldatu zen. Horri esker, Kontuen Ganberak 1524tik 1836an ezabatu zen arte etengabe izan zuen egoitza berreskuratu zuen.

ERAIKINAREN DESKRIPZIOA
Kanpoko itxurarengatik eta egikeraren zenbait detailetan nabari denez, Kontuen Ganbera gisa egokitu baino franko lehenagokoa behar du. Seguru aski XIII. mendekoa edo izan daiteke. Harrizko eraikuntza sendo bat da, bi platabanda sendoz osatutako arku puntaduna duena, hastapeneko edo trantsizio gotikoaren bereizgarri dena. Baditu leiho puntadun zenbait, sekzio zilindrikoko mainelez eta apaingarri soileko kapitelez hornituak. Ataburuan gorago iristen den atal bat dago, dorre antzo. Espainiako erret armez hornitutako armarria XVIII. mendean ezarri zen. Barneko patiora ematen duen trantsitoa kanoi puntaduneko ganga sendo batez estalia da.

Patioan, lorategiduna baita, antzinako putzu bat dago oraindik ere, eta baita ate bat eta Zangozako San Nikolas ermita desagertutik ekarritako zenbait hondakin arkeologiko ere, San Inazio Loiolakoa 1521ean zauritu zuten lekuan Cardona erretordeak 1601ean jartzeko agindu zuen latinezko inskripzioa, hilobi gotiko bat etzandako gizamolde batekin eta beste zenbait pieza historiko-artistikorekin.