Berriak

Bilaketa azkarra

Testua bilatu    

2018/03/09   Igor Ijurra, Kontuen Ganberako topaketetan hizlari     [Castellano]

Igor Ijurra, Iruñeko Orfeoiko zuzendaria, Kontuen Ganberako topaketetan izan dugu gonbidatu eta hizlari. Topaketen helburua da politika, ekonomia, gizarte eta kultura arloko pertsonaiak gure etxera ekartzea, gonbidatua eta ordezkatzen duen erakundea ezagutzeko eta, bide batez, hark ere gu ezagutu gaitzan. Beti bezala, erakundeko Komunikazio arduradunak elkarrizketa egin dio etxarriarrari eta, ondoren, Kontuen Ganberako jendeak galderak egiteko aukera izan du.

Orfeoiko zuzendaria 2005ean hartu zuen musika taldeko aginte makila. Urte gutxian, Iruñeko abesbatzak sekulako saltoa egin du, nazioarteko mailan leku pribilegiatuan kokatu arte. Kontuan hartzekoa da, esaterako, azken urteotan Orfeoia bitan joan dela Estatu Batuetara, eta New Yorkeko Carnegie Halla mitikoan aritu den Estatuko lehen korua izan dela. Azken urteotako ibilbideagatik sari batzuk lortu ditu, azkena Arte Ederren Urrezko Domina, otsailean espainiar errege-erreginaren eskutik jasoa.

Ijurrak haren ibilbidea kontatu digu: 19 urtetan Etxarri Aranazko koruaren zuzendaritza hartu zuenetik orain arte eginiko pausoak, beti ere musikarekiko maitasuna islatuz. Etxarriarrak esan duenez, zuzendari baten ametsa da eskuak altxatu eta aurrean dituen kantariak nahi duena eta nahi duen bezalaxe egiten dutela ikustea. "Izugarria da sentsazio hori, kantarien eta zuendariaren arteko komunikazioa erabatekoa dela konturatzen zarelako. Egia da gutxitan gertatzen dela hori, gehienetan emaitza ez baita hain borobila. Baina hori gertatzen delarik, gogoan  geratzen zaizu iltzaturik betiko. Eta, jakina, orduan argi ikusten duzu atzean dagoen lan handiak merezi duela".