Txostenak

Bilaketa azkarra

Azken berrietara itzuli
Testua bilatu 

  

2017/23 Nafarroako kontu orokorrak (2016)  2017/11/17

Txostenaren laburpena
Castellano ]       Imprimatu       Txosten osoa pdf

Nafarroako kontu orokorrak (2016)

Nafarroako Kontuen Ganberak 2016ko kontu orokorrei buruzko txostena kaleratu du. Bertan, ohi denez, nafar ogasunaren egoera aztertzen da, ikuspegi orokorra eskainiz. Txostenak Gobernuaren kontuak ez ezik, elkarte eta fundazio publikoenak, eta Parlamentuaren eta haren menpeko erakundeenak ere biltzen ditu.

Txostenak dioenez, Nafarroako Gobernuak iaz 3.967 milioi gastatu zituen. Hiru kontu-sail nagusiak honakoak dira: transferentziak (1.428 milioi), langileria (1.172 milioi) eta ondasunen eta zerbitzuen gastu arruntak (581 milioi).

Gastua departamentuka aztertuz gero, Osasunbideak laurdena hartzen du; Hezkuntza Departamentuak ehuneko 15; hitzarmen ekonomikoagatik Estatuari eginiko ekarpena gastuen ehuneko 14 da, eta zorrari aurre egiteko diru-saila ehuneko 13; gizarte zerbitzuenak gastuen ehuneko 7 dira.

Txostenak hitzarmen ekonomikoari erreferentzia egiten dio, Nafarroaren eta Estatuaren arteko desadostasunak azpimarratzeko. Kontuen Ganberak gogoratzen duenez, oraindik itxi gabe dago 2015-2019 bosturteko ekarpenak finkatzeko negoziazioa. Nafarroako Gobernuak 540 milioiko ekarpena egin zion iaz Estatuari, azken honek 82 milioi gehiagoko ordainketa eskatu arren. Gobernuaren memoria ekonomikoak jasotzen duenez, negoziazioak etekina ekarriko dio Nafarroari, azken urteotan behar baino gehiago ordaindu duelako.

Diru-sarrerei dagokienez, zuzeneko zergen bidez 1.700 milioi bildu ziren; zeharkakoen bitartez, berriz, 1.500 milioi; eta finantza pasiboei esker (zorra) 580 milioi.

Aurrekontu emaitza ez finantzarioa (gastuen eta diru-sarrera ez finantzarioen arteko aldea) negatiboa izan zen 57 milioitan. Datua iazkoa baino hobea da, 2015eko emaitza -163 milioikoa izan baitzen.

Diruzaintzako gerakina iaz ere negatiboa izan zen (183 milioi). Dena den, datu hori ere aurreko urtekoa baino hobea da. Funts likidoek ere gora egin dute aurreko urteko datuekin alderatuz: 62 milioitik 140 milioira.

Foru Administrazioaren zorra 3.058 milioikoa da, 2.700 epe luzera ordaintzekoak. Aipatzekoa da azken urtean zorra ehuneko 5 handitu dela.

Foru Administrazioak aurrekontu egonkortasuna bermatzeko finkatu diren adierazle guztiak betetzen ditu.

Adierazle gehienek, hobera

Nafarroako Gobernuaren finantza egoeraren konklusioa da adierazle gehienek hobera egin dutela. Dena den, ohiko gastu eta diru-sarrerak desorekaturik daude. Horrek berekin dakarren ondorioa da zorra handitzen ari dela. Hori ikusita, Kontuen Ganberak gastu eta diru-sarreren azterketa sakona eskatzen du, lehentasunak zein helburuak finkatu eta kontuen egoera hobetzeko.

Txostenak dioenez, Gobernuak aurkezturiko kontuek ongi islatzen dituzte ondare egoera, aurrekontu kitapena eta finantza egoera. Bada, dena den, salbuespen bat bi kontutan: kontabilitate plan nazionala ez dela osorik betetzen; eta langileriaren montepioak sorturiko betebeharrak ez daude kontabilizaturik.

Legezkotasunaz ere, txostenak aldeko iritzia islatzen du, Gobernua indarrean dagoen legedia betetzen baitu haren finantza jardueran.

5.000 lanpostu baino gehiago bete gabe

Txostenak informazio zehatza eskaintzen du gastu eta diru-sarrera guztiez. Langileriari dagokionez, bete gabeko lanpostu kopuru handia azpimarratzen du. Txostenak dioenez, Foru Administrazioan dauden 22.681 lanpostutik 5.487 bete gabe daude. Osasunbidean, Hezkuntzan eta Administrazio Nukleoan daude bete gabeko lanpostu gehienak. Kontuen Ganberaren ustez, Gobernuak lanpostu horiek ateratzeko ahalegina egin behar du, behin-betikotasuna tasa handia jaisten joateko.

Sozietate publikoak

Txostenak enpresa publikoen egoera ere aztertzen du. 17 dira, 1.115 langilerekin. 887 milioiko ondare garbia dute eta 132 milioiko zorra. Urteko emaitza orokorra negatiboa izan zen 21 milioitan.

Txostenak Parque de la Naturaleza de Navarra S.A. sozietatearen izaera berraztertzeko eskatzen du, publiko bihurtzeko baldintza guztiak betetzen dituelakoan.

Publizitate instituzionala

Txostenak bi eranskin ditu, bi talde parlamentariok eginiko eskaerei erantzuteko eginak. Batetik, PSN-k publizitate instituzionalari buruzko datuak nahi zituen; bestetik, UPNk eta Geroa Baik epea amaiturik irauten duten kontratuez galdetu zuten.

Publizitate instituzionalari dagokionez, 1,6 milioiko gastua dago, turismoa sustatzekoa barne. Aipatzekoa da gastua nabarmen jaitsi dela, duela hamar urte 10 milioitik gorakoa baitzen. Txostenak gastuaren berri zehatza ematen du. Hori dena azterturik, Kontuen Ganberak arautegia berraztertzeko eskatzen du, komunikabide digitalak ere kontuan hartzeko.

Amaitu gabe irauten duten kontratuak 155 ziren aurtengo maiatzaren amaieran. Gastu osoa 51 milioi da eta gehienak Osasunbideak eginak dira. Kontratu berria egin ez bada, legediak aukera ematen du zerbitzuarekin segitzeko. Hori ahalik eta gutxien gerta dadin soluzioa zein den begi bistakoa da: kontratu berriak garaiz egitea. Eta horixe da txostenak ematen duen aholkua.

Txosten osoa PDF artxiboan deskargatu

Web orrian sartu ditugun txostenek informazio ematea dute helburu. Bertsio ofiziala, beti ere, Nafarroako Parlamentura eta fiskalizaturiko erakundera bidalitakoak dira.

Kontuen Ganberak web orrian ematen dituen datuak erabiltzea baimentzen du, baldin eta informazio iturria aipatzen bada.