Txostenak

Bilaketa azkarra

Azken berrietara itzuli
Testua bilatu 

  

2018/23 Nafarroako kontu orokorrak (2017)  2018/11/16

Txostenaren laburpena
Castellano ]       Imprimatu      

Nafarroako kontu orokorrak (2017)

Nafarroako Kontuen Ganberak iazko kontu orokorrei buruzko txostena argitaratu du. Txostenak Foru Administrazioaren finantza egoera aztertzen du, sektore publikoa osatzen duten erakunde guztien datuak emanez: Gobernua eta haren erakunde autonomoak; Nafarroako Parlamentua eta haren menpeko instituzioak: Kontuen Ganbera eta Arartekoa; eta fundazio eta sozietate publikoak.

Txostenak dioenez, 2017an Foru Administrazioak 3.984 milioi gastatu eta 4.528 bildu zituen. Gastuetan bost arlo nabarmentzen dira: osasuna, 1.000 milioitik gorako gastuarekin: irakaskuntza, 635 milioirekin; Hitzarmen Ekonomikoa, 511 milioirekin; gizarte arloko gastuak, 500 milioirekin; eta zor publikoa, 381 milioirekin.

Nafarroako Gobernuaren kontuek ongi islatzen dituzte ondarea, finantza egoera eta aurrekontu emaitza. Dena den, hiru salbuespen daude: kontabilitate publikoa ez dela aplikatu beharreko eremu osoan aplikatzen; ondasun zerrendarik eza; eta funtzionarioen montepioak sorturiko betebeharrak ez daudela kontabilizaturik.

2016ko datuekin alderatuz, iazko gastua berdina izan zen. Diru-sarrerak, ordea, ehuneko 12 handitu ziren.

Foru Administrazioaren finantza egoera nabarmen hobetu da aurreko urteetako datuekin alderatuz. Hobekuntza horren atzean bi arrazoi daude: Estatuari egiten zaion diru-ekarpenaren gaurkotzea eta 2016ko zerga erreforma.

Horren ondorioz, diru-sarrera arruntak gastuak baino handiagoak izan ziren, 272 milioitan. Eta urtetan lehen aldiz, diruzaintzako gerakin positiboa handia da: 360 milioi. Horrek argi erakusten du Gobernuak zorra gutxitzeko edo inbertsioak egiteko ahalmena duela.

2007ko abenduaren 31ko zorra 3.258 milioikoa zen. Aurreko urtekoarekin alderatuz, 200 milioitan handitu da. Zorraren epe-mugak berak behartzen du zor gehiago hartzera, ordaindu beharrekoari aurre egiteko. Txostenak dioenez zorraren amortizazioak eta interesen bilakaerak nabarmen baldintzatzen dute Foru Ogasunaren egoera.

Zorrari buruz beste datu bat: Standard&poor´s agentziak, pasa den maiatzean, kalifikaziorik handiena eman zion Nafarroako zorrari. Horrek Foru Administrazioak ematen duen konfiantza eta sinesgarritasunaren isla da.

Kontuen Ganberak finantza egoeraren legezkotasuna ere aztertu du. Txostenak dioenez, Foru Administrazioaren jarduera ekonomikoak legedia errespetatu egiten du. Salbuespen bakarra aipatzen da: zenbait kontraturen epea amaitu badira ere, indarrean segitzen dute.

Foru Administrazioko funtzionario kopuruaren bilakaera

Aurtengo txostenean, Kontuen Ganberak Foru Administrazioaren langileria aztertu du eta, hain zuzen, funtzionario kopuruaren bilakaera.

Hona hemen datu nagusiak: 2013tik 2017ra 3.523 funtzionariok utzi dute Administrazioa, gehienek erretiroa hartu dutelako. Epe horretan 601 funtzionario besterik ez dira sartu. Beraz, 2.922 funtzionario postu galdu dira. Gogoratzekoa da azken urteotan Estatuak lan deialdi publikoak egiteko mugak jarri dizkiela autonomietako gobernuei.

Funtzionario kopuruaren galerari aurre egiteko, kontratazioa areagotu egin da. Aipatzekoa da 2017ko amaieran Foru Administrazioko langileriaren %45k aldi baterako kontrataturik zegoela. Kontuen Ganberaren ustetan, portzentaje hori "gehiegizkoa eta kezkagarria" da. Horren ondorioz, Foru Administrazioko langilerian deskapitalizazioa eta zahartzea gertatzen ari direla dio txostenak. Horregatik, Kontuen Ganberak dei bat egin dio Gobernuari, lanpostu deialdi publikoen bidez behin- behinekotasuna tasa murriztu dezan.

Sozietate eta fundazio publikoak

Azkenik, txostenak sozietate eta fundazio publikoen berri ematen du. 17 sozietate publiko daude, 1.100 langilerekin. Enpresa guztiak kontuan harturik, urteko emaitza negatiboa izan zen, 370.000 euro galdu zituztelako. Sozietate publikoen epe luzeko zorra 120 milioi da.

Fundazio publikoak bost dira. 1,8 milioiko ondarea dute eta 5,4 milioiko zorra. Bost fundaziootan 154 langile ari dira.

Kontuen Ganberak aurreko txostenetan eginiko gomendioen jarraipena ere egin du. Betetzeko daudenen artean lau azpimarra daitezke: Kontabilitate plan orokorra bere osotasunean betetzea edo, bestela, Nafarroako kontabilitate plana egitea; funtzionarioen montepioak sorturiko gastuak balantzean sartzea; Foru Administrazioaren ondasunen zerrenda egitea; eta kontabilitateak zerbitzu publikoen kostuari buruzko datuak ematea.

Web orrian sartu ditugun txostenek informazio ematea dute helburu. Bertsio ofiziala, beti ere, Nafarroako Parlamentura eta fiskalizaturiko erakundera bidalitakoak dira.

Kontuen Ganberak web orrian ematen dituen datuak erabiltzea baimentzen du, baldin eta informazio iturria aipatzen bada.