Txostenak

Bilaketa azkarra

Azken berrietara itzuli
Testua bilatu 

  

2019/06 Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren errezeta elektronikoaren kudeaketa  2019/03/29

Txostenaren laburpena
Castellano ]       Imprimatu      

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren errezeta elektronikoaren kudeaketa

Kontuen Ganberak botiken kudeaketari buruzko txostena argitaratu du. Txostenaren helburua da Osasunbideak arlo horretan egiten duen kudeaketa aztertzea; biztanleek botiketan ordaintzen duten portzentajea egokia den egiaztatzea; eta horren kontabilitateaz iritzia ematea.

Aipatzekoa da hau Kontuen Ganberak eginiko lehen kontu-ikuskaritza informatikoa dela. Erakundeak 2016-2012 eperako dituen helburu estrategiko nagusienetakoa horixe da, ohiko ikuskaritzatik harago joatea, sistema informatikoen azterketa ere eginez. Izan ere, informatika da kudeaketa publikoaren oinarri nagusia. Beraz, administrazioen ikuskaritza behar bezalakoa izanen bada, sistema informatikoak ere aztertu egin behar dira. Kontu-ikuskariek kanpoko enpresa baten laguntza izan dute lehen txosten honetan.

Sistema informatikoen azterketak alde ona dauka ikuskaritzaren ikuspegitik: datu askoz gehiago azter daitezke eta, beraz, kudeaketaz iritzia ematea ere errazagoa da.

Kontuen Ganberak gogoratzen duenez, botiken prezioaren portzentaje bat Nafarroako Gobernuak finantzatzen du, biztanle bakoitzaren errenta eta beste aldagai batzuk (adina, lan-egoera, desgaitasun maila...) kontuan hartuz. Portzentaje hori Gizarte Segurantzak finkatzen du, Nafarroako Ogasunetik bakoitzaren errentari buruzko datuak jaso eta gero. Ondoren, Gizarte Segurantzak Osasunbidearen esku uzten du informazioa, biztanle bakoitzak ordaindu beharrekoa zehaztu dezan.

146 milioiko gastua

Botiken gastu publikoa 146 milioi izan zen 2017an. 2013tik gastua %11 igo da. Gastuaren %96 botikena da; gainerakoa zahar etxean banatzen diren botikei eta ordainketen itzulketei dagokie.

Txostenak errezeta elektronikoak ekarri duen hobekuntza nabarmentzen du. 2013an hasi zen martxan jartzen, Oinarrizko Arretan, eta handik hiru urtera Arreta Espezializatura zabaldu zen. Gaur egun, urtean banatzen diren 10,2 milioi errezetatik 311.000 besterik ez dira paperean egiten. Errezeten bataz besteko gastua 14 euro da.

Kontuen Ganberak gastuaren barne kontrola ere aztertu du, botiken kudeaketarako sistema informatikoetan frogak eginez. Horren konklusioa da barne kontrola egokia dela.

Biztanleek ordaintzen duten portzentajea zuzena den esaterik ez dago. Azterketa hori egiteko Zerga Ogasunari Gizarte Segurantzara bidaliko fitxategia eskatu zitzaion. Erantzuna, ordea, ezezkoa izan zen, bi arrazoitan oinarrituta: datu horiek jasotzea Kontuen Ganberaren eskumenetik kanpo zegoela; eta Datuen Babeserako Legearen aurkakoa izan litekeela. Kontuen Ganbera ez dago ados. Batetik, Zerga Ogasuna ikuskaritzaren barne dagoelako; bestetik, Kontuen Ganbera Datuen Babeserako Legetik salbuetsita dagoelako.

Konklusioak

Txostenaren konklusioei dagokienez, errezeta elektronikoaren garrantzia azpimarratzen da, botiken kudeaketa nabarmen hobetu duelako.

Farmaziako gastuak kudeatzeko informazio sistemak oso konplexuak dira. Osasunbideak egiten duen kontrola egokia da.

Kontua da sistema konplexu horien ezagupena kanpoko enpresetako profesionalen esku dagoela. Txostenak azpimarra jartzen du horretan, kanpoko enpresekiko menpekotasun handia sortzen duelako. Beti ere, komenigarria litzateke Foru Administrazioko profesionalek ere sistema horiek behar bezala ezagutzea. Kontuen Ganberak orain baino lehen ere azpimarratu du arazo hori: 2016ko kudeaketa informatikoari buruzko txosten batean.

Web orrian sartu ditugun txostenek informazio ematea dute helburu. Bertsio ofiziala, beti ere, Nafarroako Parlamentura eta fiskalizaturiko erakundera bidalitakoak dira.

Kontuen Ganberak web orrian ematen dituen datuak erabiltzea baimentzen du, baldin eta informazio iturria aipatzen bada.