Txostenak

Bilaketa azkarra

Azken berrietara itzuli
Testua bilatu 

  

2019/04 Toki Ogasunek Nafarroako zergetan parte hartzeko funtsa (2009-2018)  2019/03/27

Txostenaren laburpena
Castellano ]       Imprimatu       Txosten osoa pdf

Toki Ogasunek Nafarroako zergetan parte hartzeko funtsa (2009-2018)

Nafarroako Kontuen Ganberak udalek zergetatik jasotzen duten funtsa aztertu du. Txostenaren helburua da Nafarroako Gobernuak udalei emaniko diru funtsa nola banatzen den aztertzea.

Txostenak gogoratzen duenez, toki ogasunen lehen arautegia 1981ekoa da. Orduan, Nafarroako Ogasunak kobratzen dituen zergetatik udalei portzentaje finkoa ematea erabaki zen: zuzeneko zergen %45 eta zeharkakoen %10. Handik hiru urtera, portzentaje horiek jaitsi egin ziren, %30era eta %10era hurrenez hurren.

Orduz geroztik, udalen finantziazioa aldatu egin zen. Funtzionamendu gastuetarako laguntzari dagokionez, aurreko urteko zenbatekoari prezioen igoera aplikatu zitzaion. Inbertsioetarako funtsa, berriz, Gobernuaren aurrekontuak finkaturikoari lotu zitzaion.

Toki Administrazioaren erreformarako lege berriak dioenez, udal, kontzeju eta eskualdeek Ogasunak kobratzen dituen zergetatik portzentaje finkoa hartuko dute. Portzentajea zein den, ordea, ez dago zehaztuta.

2004tik, funtsa banatzeko irizpidea bikoitza izan da: udal bakoitzaren beharrak eta haren zerga ahalmena. Beti ere, helburua da gastu gehiago eta zergak biltzeko ahalmen txikiagoa duenari gehiago ematea. Gastuaren beharra zehazteko aldagaia batzuk kontuan hartu dira: biztanleria, hiri-lurzorua, 65 urtetik gorakoen kopurua, etorkin kopurua, biztanleriaren sakabanatzea eta udalerriaren azalera.

Aipatzekoa da 2002tik diru funtsa banatzeko arautegiak berme bat jasotzen duela, udal guztiei aurreko urteko zenbatekoa ziurtatzeko. Kontsumorako prezioen indizea negatiboa izanik ere, bermaturik dago aurreko urteko zenbatekoa.

Biztanleria handitu duten udalak, galtzaile

Txostenak dioenez, toki ogasunen diru funtsaren banaketa legezkoa izan da, indarrean dagoen legedi eta arautegiaren arabera egin baita.

Kontuen Ganberak 25 udalek harturiko laguntzaren bilakaera aztertu du, 2009tik 2017ra. Informazioa txostenean dago bildurik, eranskin batean.

Azterketaren konklusio nagusia da aipaturiko bermeak goitik behera baldintzatzen duela diru banaketa. Esan bezala, udalei aurreko urteko ekarpena bermatzen zaie. Udalendako funtsa mugatua denez, ekarpen ia osoa ematen da irizpide horren arabera. Bestelako aldagaiek ( biztanleria, etorkin kopurua, biztanleriaren sakabanatzea...) %1 besterik ez dute erabakitzen.

Horren ondorioz, azken urteotan populazioa handitu duten udalak ateratzen dira galtzaile. Biztanleria berdintsua duten udal batzuek ekarpen oso ezberdina jasotzen dute. Eguesibarko Udalak (20.400 biztanle) 3,5 milioi jasotzen du. Barañaingo Udalak (20.100 biztanle) 5,7 milioi. 10.000 biztanle inguruko herriek ere (Antsoain, Tafalla, Aranguren, Berriozar, Atarrabia) kopuru ezberdinak jasotzen dituzte. Kaltetuenak, beti ere, azken urteotan biztanle asko hartu dituztenak. Kontuan hartzekoa da, halere, biztanleria irabazi duten udalek zergen bidezko diru-sarrerak ere handitu egin dituztela.

Txostenak Nafarroako udalen eta Euskal Autonomia Erkidegokoen finantziazioaren arteko azterketa dakar. Horren konklusioa da EAEko hiru aldundiek diru gehiago ematen dietela udalei Nafarroako Gobernuak baino. Nafarroako udalek, biztanleko, 378 euro jasotzen dute; Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian, berriz, 700 euro baino gehiago.

Lau hiriburuetan ere nabarmena da aldea. Iruñeak 83 milioi jasotzen du (418 euro biztanleko), Gasteizek 165 milioi (664 euro biztanleko), Bilbok 329 milioi (952 biztanleko) eta Donostiak 140 milioi (750 euro biztanleko).

Banaketa sistemari dagokionez, Gipuzkoakoa nabarmen daiteke. Izan ere, %90 biztanleriaren arabera banatzen du eta, beti ere, biztanleria bertsuko udalek funts berdintsua jasoko dutela bermatzen du.

Kontuen Ganberak dioenez, oso arrazoizkoa da hori bermatzea, eta Nafarroan ere bide horretatik joateko gomendioa ematen du. Horretarako, udalen aldagaiak neurri handiagoan kontuan hartu beharra azpimarratzen da. Aldagai horiek, noski, berriro aztertu behar dira, toki entitateen gastu eta diru-sarreren informazioa gaurkotzeko.

Txosten osoa PDF artxiboan deskargatu

Web orrian sartu ditugun txostenek informazio ematea dute helburu. Bertsio ofiziala, beti ere, Nafarroako Parlamentura eta fiskalizaturiko erakundera bidalitakoak dira.

Kontuen Ganberak web orrian ematen dituen datuak erabiltzea baimentzen du, baldin eta informazio iturria aipatzen bada.