Txostenak

Bilaketa azkarra

Azken berrietara itzuli
Testua bilatu 

  

2017/22 Tuterako Udala (2016)  2017/10/27

Txostenaren laburpena
Castellano ]       Imprimatu      

Tuterako Udala (2016)

Nafarroako Kontuen Ganberak Tuterako Udalaren 2016ko kontuei buruzko txostena argitaratu du. Txostenak honako gai hauek aztertu ditu: 2016ko aurrekontu-betetzea, ondare egoera, legezkotasuna eta udalaren finantza-egoera.

Tuterako Udalerriak 35.170 biztanle ditu. Udalak erakunde autonomo bat du (Ur Udal Batzordea) eta enpresa publiko bat (Castel Ruiz Kultur etxea). Bi fundazio publiko ere sortuak ditu: Dedalo eta Maria Forcada.

Tuterako Udalak 38,2 milioi bildu zituen iaz, eta 35,7 gastatu. Bi dira diru-sarrera nagusiak: zuzeneko zergak eta ohiko transferentziak, ia 13na milioirekin. Udal tasei esker 9,5 milioi bildu ziren eta ondare bidezko diru-sarrerek bi milioi egin zuten.

Gastuei dagokienez, langilerian 15,7 milioi gastatu ziren; ohiko ondasun eta zerbitzuen erosketan, 13 milioi; inbertsioen gastua bi milioitik beherakoa izan zen, eta ohiko transferentzietan 1,7 milioi gastatu zen.

Aurrekontu emaitza (diru-sarreren eta gastuen arteko aldea) hiru milioikoa izan zen. Diruzaintzako gerakina ere positiboa da, 3,3 milioitan. Bi datuak hobetu egin dira azken urtean, bereziki diruzaintzako saldoa. Horrek udalaren finantza ahalmenak gora egin duela islatzen du.

Udalaren zorra 22,8 milioi da, eta horretan ere hobekuntzarik izan da aurreko urtekoarekin alderatuta, %10 jaitsi baita.

Laburbilduz: Tuterako Udalaren finantza egoera ona da. Aurrekontu-egonkortasuna eta finantza iraunkortasunaren helburuak bete egiten ditu.

Kontuen Ganberak dioenez, udalaren kontuek ongi islatzen dituzte aurrekontu kitapena, ondare egoera eta 2016ko finantza egoera. Dena den, bi salbuespen aipatzen dira: udal langileen montepioak sorturiko betebeharrak ez daude kontabilizaturik; eta, bestetik, diruzaintzako gerakina ez dago behar bezala kalkulatuta, 600.000 euro handiagokoa baita.

Legezkotasunari dagokionez, Tuterako Udalaren kudeaketa indarrean dagoen legediaren araberakoa da. Dena den, hemen ere bi salbuespen aipatzen dira. Batetik, 12 zerbitzu kontratuk (5,5 milioi guztira) gehienezko iraupena gainditu dute, eta ez da lizitazio berririk egin. Bestetik, ADIF estatu enpresari 87.000 euroko ordainketa egiten zaio tren geltokiaren kudeaketan laguntzeko. Urteroko ordainketa legez kanpokoa da, Justizia Epaitegi Gorenak 2005ean ebatzi zuenaren arabera. Kontu hartzaileak ere ordainketaren aurkako iritzia emana du.

Web orrian sartu ditugun txostenek informazio ematea dute helburu. Bertsio ofiziala, beti ere, Nafarroako Parlamentura eta fiskalizaturiko erakundera bidalitakoak dira.

Kontuen Ganberak web orrian ematen dituen datuak erabiltzea baimentzen du, baldin eta informazio iturria aipatzen bada.