Skip to main content

2021/05 Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko txostena (2015-2019)

Argitalpen data

Nafarroako Kontuen Ganberak PFEZren kudeaketa aztertu du

Nafarroako Kontuen Ganberak PFEZ zergaren kudeaketari buruzko txostena argitaratu du. Txostenak azken bost urteotako datuak ematez gain, PFEZren kontrol sistema eta kudeaketa prozedurak aztertu ditu.

Nafarroak, gainerako foru lurraldeetako erakundeek bezala, PFEZ eta gainerako zuzeneko zergen kudeaketa osoa du bere esku: arautegia, diru-bilketa eta kontrola.

Azken urteotan, PFEZri esker bilduriko zenbatekoa igotzen joan da. 2015etik 2019ra, PFEZren diru-sarrerak %40 handitu ziren: 1.089 milioitik 1.533 milioira. 2020ko zenbatekoa aurreko urtekoaren oso antzekoa da: 1.538 milioi.

Beraz, PFEZren diru-bilketa Nafarroako Ogasunaren diru-sarreren %35 da.

Txostenak Estatuko lurraldeen PFEZren zerga-tasaz ere azterketa egin du. Datu nagusiak hauexek dira: Nafarroak du gutxieneko tasarik murritzena (%13), eta gehienezko altuena (%52). Euskadiko Autonomia Elkargoak du gutxieneko tasetan altuena (%23); eta Madrilek gehienezko tasarik apalena (%43).

500.000 zerga ordaintzaile eta 357.000 aitorpen

Iaz 500.000 bat nafarrek egin zuten PFEZren aitorpena. Aitorpen kopurua 357.524 izan zen. Azken urteotan, zerga ordaintzaile zein aitorpen kopurua igo dira, igoera txikia bada ere.

Iazko aitorpen kanpainan, Gobernuak 221 milioi bildu eta 186 milioi itzuli zituen. Hortaz, azken emaitza positiboa izan zen, 35 milioitan. 

Iazkoko aitorpen gehienek (%54) 24.000 eurotik beherako likidazio oinarria dute. Dena den, hor bada generoaren arteko arrakala handia. Izan ere, emakumezkoen 77k aitortzen dituzte 24.000 baino gutxiagoko diru-sarrerak. Gizonezkoen artean nabarmen txikiagoa da portzentajea: %57.

 Errenta-maila gorenari dagokionez, 120.000 eurotik gorako aitorpenak 2.000 bat dira, guztien %1. Eta badira 82 zerga-ordaintzaile 600.000 eurotik gorako aitorpenekin, horietatik 61 gizonezkoak.

 %51 Ogasunak berak eginak

 Errenta aitorpenak nork eta nola egiten duen eta aztertu da. Ogasunak egiten ditu gehienak (%51), eta zerga-ordaintzaile gehientsuenek (%92k) onartu egiten dute proposamena. Internet bidez eginikoak %35 dira; banku eta kutxek %10 egiten dute; eta Ogasunaren bulegoetan %4. 

Datu horiek 2020koak dira. Oraindik gainditu ez dugun pandemiak eragina izan du horretan, batez ere Internet bidez aurkezturiko aitorpen kopuru handian eta Ogasunaren bulegoetan eginiko aitorpen kopuru txikian: 13.000 besterik ez. (2019an, 30.000 egin ziren).

 PFEZren zerga onurak ere aztertu dira: zerga-hobari, kenketak, murrizketak… Iaz onura horiek 414 milioi egin zuten.

 Sistema korapilotsua, barne kontrol egokia 

Txostenaren konklusioetan, PFEZ kudeatzeko sistema informatikoa oso korapilatsua dela azpimarratzen da. Izan ere, iturri askotatik datorren informazio kopuru oso handia dago. Datu horiek guztiak elkarri loturik daude, eta kalkulu arau ere konplexuak dira. Txostenak dioenez, zergaren oinarri den sistema informatikoa kudeatzen zaila da, arautegiaren aldaketa etengabeak izaten direlako”.

 Zergaren barne kontrola ona bada ere, badu ahuldade punturik: Ogasunak ez duela sistema informatikoa sakonki ezagutzen duen informatikaririk.

 PFEZri loturiko onurei dagokienez, horien kudeaketa egokia da. Dena den, Kontuen Ganberak eskaera bat egin dio Gobernuari: neurri horiek onartzean helburu eta adierazle zehatzak finka daitezela, gero zerga onuren eraginkortasuna neurtu ahal izateko. Arlo berean beste gomendio bat dago: zerga-onura guztiak zenba daitezela, gaur egun ez baita horrela egiten. Kontuen Ganberak berak egin du zenbatu gabeko bi zerga-onuren kalkulua. Horrek beste lau milioitan handituko luke zerga-onuren zenbatekoa.

 Txostenak zergaren kudeaketa hobetzeko gomendio batzuk eman ditu. Horietako batek Ogasun Departamentuan informatika adituak sartzeko beharra azpimarratzen du.