Skip to main content

ASOCEX

Asun Olaetxeak Gobernuak Tracasa Instrumental sozietateari eginiko enkarguei buruzko txostena aurkeztu du Parlamentuan

Argitalpen data

Kontuen Ganberako lehendakari Asun Olaetxeak Gobernuak Tracasa Instrumental sozietate publikoari eginiko enkarguak aztertu dituen txostena aurkeztu du Parlamentuan.

Olaetxeak gogoratu duenez, iaz Gobernuak 16 milioi gastatu zituen enkargu horietan. Enpresa publikoak ez zituen fakturaturiko ordu guztiak egin, eta enkarguen kudeaketaren kontrola ez da behar bezalakoa, horixe azpimarratu du. Bestalde, enkarguak errepikatu egiten direla adierazi du, Gobernuaren betiko beharrei erantzuteko egiten baitira. Gogoeta eskatu du Olaetxeak, ea behar horiei erantzuteko modu egokiena hori ote den.

EH Bilduko Adolfo Araizek gogoratu du Kontuen Ganberak 1985ean eginiko txostenak oraingo egoerarako baliagarriak izan daitezkeen ideiak batzuk biltzen dituela. UPNren Gobernuak enpresa pribatizatzea erabaki zuela ere aipatu du, 2002an horixe adostu zuelako, ideia burutu ez bazuen ere. Enkarguez gogoeta eskatu du, haren ustez Administrazioak bere gain har lezakeelako lan hori. 

Navarra Sumako Angel Ansak txostena fiskaltzari bidali zaion galdetu du. Olaetxeak ezetz erantzun ondoren, Ultzamako plantari buruzkoarekin egin zen bezala, hau ere fiskaltzari igorri behar zaiola adierazi du. Parlamentuan ikerketa batzordea martxan jartzearen alde agertu da.  

Javier Lecumberri sozialistak Tracasak egiten duen lanaren balioa azpimarratu du. Gobernuaren hainbat lan Tracasaren esku uzteak Administrazioa deskapitalizatzen dela esatea zalantzazkoa dela esan du, guztiz publikoa baita enpresa. Txostenak biltzen dituen gomendioak betetzen ari direla ziurtatu du. (

Geroa Baiko Maria Solanak ere Tracasa sozietate publikoa dela nabarmen du eta, beraz, Gobernuaren tresna. Haren ustez, enpresak Gobernuaren enkarguak hartzeak ez du administrazioa deskapitalizatzen.

Ahal Duguko Ainhoa Aznarezek, azkenik, Kontuen Ganberaren gomendioak betetzeko deia egin die Gobernuari eta enpresa publikoari.