Nire ongietorri adeitsuena Nafarroako Kontuen Ganberaren web orria bisitatzen duzuen guztioi. Gure erkidegoko funts publikoen kudeaketa kontrolatzen duen erakundea duzu hauxe.
Nafarroako herritarrek administrazio publikoen esku jartzen dituzten funtsak nola kudeatzen diren argitzea dagokigu. Halere, kontrola ez da berez helburu bat, kudeaketa publikoa hobetzeko modu bat baizik. Horregatik, gure txostenak ez dira kudeaketaren ahuleziak agerian jartzera mugatzen. Gomendioen bidez hobetzeko bideak ere proposatzen ditugu.
Historia luzea dugu atzean, 1365ean hasi zena, Karlos II.a errege nafarrak Kontuen Ganbera eratzeko ordenantza eman zuenean. XIX. mendeko zentralismoak instituzioa desagerrarazi zuen. Eta 1980an Parlamentuak onarturiko arau baten bidez berrerazi zuen. Arauak bi helburu nagusi eman zizkion: funts publikoak fiskalizatzea eta Parlamentuaren aholkulari izatea, kontu ekonomiko eta finantzirioetan.
Kontuen Ganbera, gure erkidegoaren autogobernuaren ikurra, Nafarroako gizartean txertaturiko erakundea da. Ez gara gure egoitzan isolatuta bizi, herritarren kezka eta arazoei irekita eta adi baizik. Irekiera-jarrera horrek erakundea eta gure lana ezagutzera ematera ere behartzen du. Eta argi dago horretarako gure webgunea funtsezko tresna dela.
Mezu honen bidez, bisitari maitea, sinbolikoki irekitzen ditut Iruñeko Ansoleaga karrikako gure egoitzako ateak. XIII. mendeko etxe ederra da, Iruñeko gotiko zibilaren erakusgarri nagusia. Ezagutzea merezi du, merezi duenez. Eta ez bakarrik modu birtualean, bertatik bertara baizik.
Web orrian barnako ibilbidea interesgarria irudituko zaizulakoan, gure eraikina ezagutzeko gonbita egiten dizut berriro. Ez zara damutuko.
Ignacio Cabeza del Salvador
Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakaria