Skip to main content

ASOCEX

Comptos Ganberako lehendakaria bere karguaz jabetu da, Nafarroako Parlamentuan eginiko ekitaldian

Argitalpen data

Helio Robledak gardentasuna eta eraginkortasuna eskatu dizkio administrazioetako arduradunei

Helio Robleda, Nafarroako Comptos Ganberako presidentea, bere karguaz jabetu da gaur eguerdian Parlamentuan eginiko ekitaldi batean.

Nafar agintari nagusiak eta kontu epaitegietako ordezkariak aurrean zituela, Helio Robledak kargua “ilusioz” hartzen duela azpimarratu du. Halaber, administrazio publikoen fiskalizatze lanetan erabateko independentzia erakutsiko duela nabarmendu du.

Comptos Ganberako teknikarien profesionaltasuna ere goratu du: “Nik uste dut talde ona osatuko dugula, eta behar bezalako erantzuna emanen diegula etorkizuneko erronkei”.

Zerbitzu publikoen eraginkortasuna neurtu beharra ere azpimarratu du. Horixe izanen da, hain zuzen, lehendakari berriaren erronkeetako bat: “Legea betetzea eta kontuak behar bezala aurkeztea ongi dago, baina ez da aski. Eraginkortasuna ere aztertu behar da, eta horretarako kostuen kalkuluak eta kudeaketa-adierazleak bultzatu behar dira”.

Helio Robledak krisi ekonomikoa ere hizpide hartu du: “Zerbitzu publikoen finantzaketa eta kalitatea arriskuan daude gaurko egoera ekonomikoan, eta horregatik inoiz baino beharrezkoagoak dira gardentasuna eta eraginkortasuna”.

Azkenik, Comptos Ganberaren lana gizateratzeko beharra ere azpimarratu du. Haren ustez, biztanleek eskubide osoa daukate diru publikoa nola kudeatzen den jakiteko, beraiek zergen bidez ordainduriko diruaren kudeaketa baita Comptos Ganberaren aztergaia.