Skip to main content

ASOCEX

Helio Robledak 2014ko fiskalizazio plana aurkeztu du Parlamentuan

Argitalpen data

Kontuen Ganberako presidente Helio Robleda Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzordearen aitzinean agertu da, heldu den urteko fiskalizazio planaren berri emateko. 2014. urterako, 31 lan aurreikusi dira. Urtero egiten direnez gain, Osasunbidearen azpiegituren kudeaketa aztertuko da; Sodena enpresa publikoa; Gobernuak Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzarako ematen dituen diru-laguntzak fiskalizatuko dira, bai eta sindikatu eta enpresarien elkarteek jasotakoak. Menpekotasun legearen kudeaketa ere aztertuko da, bereziki Gizarte Ongizate Departamentuak emaniko diru-laguntzenak; Foruzaintzari buruzko fiskalizazio-lan bat ere eginen da, eta udaltzaingoaren antolaketa 10.000 biztanletik gorako udalerrietan.

Agerraldia hasi aurretik, Robleda kazetarien aitzinean agertu da. Aurtengo eginiko lana laburbildu eta 2014ko plana aztertzea gain, gaurko krisi egoeraz mintzatu da. Alde horretatik, erantzukizuna eskatu die agintariei, diru publikoa, inoiz baino gehiago, eraginkortasunez kudeatu behar dela azpimarratu du. Azkenik, Madrilgo Gobernuak darabilen Cora izeneko txostena hizpide hartuta, argi utzi du Nafarroako diru publikoaren kontrola eskumen historikoa dela, eta, beraz, hori Madrilen esku uztea Nafarroaren eskubideen aurkako erasoa litzatekeela, Espainiako Kontu Epaitegiak ez baitu sekula kontrolik egin gure lurraldean. Espainia kontrol arloan batere eredugarria ez dela esan ondoren, birzentralizazioak kontrol gutxiago ekarriko lukeela gaineratu du.