Skip to main content

ASOCEX

Helio Robledak heldu den urteko fiskalizazio plana aukeztu du Parlamentuan

Argitalpen data

Helio Robleda, Nafarroako Comptos Ganberako presidentea, Parlamentuko mahai eta bozeramaleen batzordearen aitzinean agertu da gaur goizean, datozen urteotako plan estrategikoa eta heldu den urteko fiskalizazio-planaren berri emateko.

Robledak azaldu duenez, kudeaketaren eraginkortasuna aztertzen duen auditoria bultzatuko du. Foru Administrazioari dagokionez, ahalegin berezia eginen da osasun eta hezkuntza arloetan, aurrekontuan garrantzitsuak izateaz gain biztanleendako funtsezko zerbitzuak direlako. Enpresa eta fundazio publikoen kontrola ere areagotuko da, eta baita Unibertsitate Publikoarena ere.

Toki sektoreari dagokionez, Comptos Ganberak zerbitzuen kostua ezagutzeko lanean hasi da, Gobernu eta Udal eta Kontzejuen Federazioarekin. Behin kostuak ezagututa, fiskalizazioak balio handiagokoak izanen dira, udal kudeaketaren eraginkortasunaz datu zehatzak eman ahal izanen direlako. Halaber, Comptos Ganberak udal zerbitzuen antolaketa egokiago baten alde lan egin nahi duela esan du erakundeko buruak.

Robledak auditoria informatikoa ere bultzatuko duela esan du, eta Comptos Ganberaren lanen kostuak ere ezagutaraziko dituela. Teknikarien formakuntza hobetzen segitzea eta erakundearen eta gizartearen arteko harremanak sendotzea dira, besteak bestea, datozen urteotarako helburuak.

30 txosten

Nafarroako Comptos Ganberako presidenteak heldu den urteko fiskalizazio plana iragarri du. Guztira 30 txosten eginen dira. Foru Administrazioari dagokionez, kontu orokorrez gain sozietateen zergaren kudeaketa aztertuko da, eta baita osasun arloari loturiko kontu batzuk, hala nola, Osasunbideako langileek kobraturiko aparteko orduak, oinarrizko arreta eta emergentziazko zerbitzuen kudeaketa. Hezkuntza arloan 0 eta 3 urte bitartekoen zikloaren kudeaketa aztertuko da. Defizita gutxitzeko harturiko ez ohiko neurriek sorturiko aurrezkiak zertan erabili diren ere aztertuko da. Eta hauteskunde-urtea izanik, Parlamenturako bozetan parte hartuko duten alderdi eta koalizioen kontabilitateari buruzko lana ere plazaratuko da.

Azken urteotan bezala, 10.000tik gorako udal guztiak fiskalizatuko dira, eta baita beste batzuk ere. Azkenik, udal txiki batzuk aukeratu eta zerbitzu zehatz batzuei buruzko lana ere eginen da.