Skip to main content

ASOCEX

"Kontuen Ganbera: 40 urteko kronika (1980-2020)" liburua aurkeztu da

Argitalpen data

Gaur, eguerdian, “Kontuen Ganbera: 40 urteko kronika (1980-2020)” liburuaren aurkezpena egin da Nafarroako Parlamentuan. Egilea Ganberako komunikazio arduradun Fermin Erbiti da.

Unai Hualde Parlamentuko presidenteak gogoratu duenez, erakunde historikoa 1980an berreskuratu zen, Parlamentuak berak erabakita. Erabaki “ausarta eta egokia” izan zela esan du. Nafarroako lehen kontrol erakundea izan baitzen. Haren esanetan, Kontuen Ganbera berriro martxan jarri izanak autogobernuan sakontzea ekarri zuen. Kontuen Ganberako lehendakarien lana goraipatu du: Mariano Zufia, Patxi Tuñon, Luis Muñoz Garde, Helio Robleda eta Asun Olaetxea. Oihartzun handia izan duten txosten batzuk ere aipatu ditu, horien artean herri-lanak, zorrari buruzkoak, Los Arcoseko Zirkuitoa eta osasun arlokoak.

Olaetxeak lau hamarkadetako aldaketak nabarmendu ditu, kudeaketa publikoan eta haren kontrolean. “80ko hamarkadan legezkotasunari erreparatzen zitzaion. Ondoren, argi ikusi zen hura ez zela aski, kudeaketa eraginkorra behar zela. Eta orain kudeaketa informatikoa ezinbestekoa da, kudeaketa guztiz informatizaturik dagoelako”.

Fermin Erbitiz ere mintzatu da. “Zenbakiak manejatzen dituztenen artean dabilen letretako gizon”tzat hartu du. Egileak aurretik idatzitako liburuen aipamena ere egin du.

Erbitiren esanetan, kronikak “Nafarroaren azken lau hamarkadetako bilakaera politiko, ekonomiko eta sozialaren berri ere ematen digu”. Nafarroako diru publikoaren kontrola Kontuen Ganberaren zeregina dela azpimarratu du. Madrilgo Kontu Epaitegia eremu horretan sartzeko egin dituen ahaleginak gogoratu ondoren, eskumen hori irmo defendatzeko beharra azpimarratu du.

Haren ustez, Kontuen Ganbera ongi baloraturiko erakundea da, profesionala eta independentea delako. Gizarteari zabalik segitzeko beharra ere aipatu du. “Guk diru publikoa nola kudeatzen den aztertzen dugu, eta biztanleriak horren berri jasotzeko eskubidea du”.

Azkenik, presidenteen agintaldiez mintzatu da. Zufiak “erakundea martxan jarri eta sendotu” zuen. Tuñon obra publiko eta hirigintza bezalako arloetan sartu zen, inor baino lehenago, horietan irregulartasunak egiteko arrisku handia dagoelakoan. Luis Muñoz Garderena agintaldi luzeena izan zen, “eta nahiko lasaia egoera ekonomikoa ere ona izan zelako”. Helio Robledarekin, berriz, krisia lehertu zen. “Orduan argi gelditu zen diru publikoa eraginkortasunez erabili behar dela”. Azkenik, Asun Olaetxea postua hartu duen lehen etxeko teknikaria izan da. “Auditoretza informatikoak bultzatu ditu, belaunaldi-txandakatzeari aurre egin behar izan dio, eta pandemiari ere”.