Skip to main content

ASOCEX

Luis Ordokik Kontuen Ganberaren domina jasoko du

Argitalpen data

Luis Ordoki Urdazik Kontuen Ganberaren domina jasoko du. Hala erabaki du erakundeko lehendakari Asun Olaetxeak berriki sinaturiko ebazpen batean. Kontuen Ganberaren domina 1992an sortu zen, erakundearen alde aritu diren pertsona edo erakundeak saritzeko. Lehenbizikoa Mariano Zufia Kontuen Ganberako lehendakari ohiak jaso zuen urte hartan. Maria Puy Huici historialariari eman zitzaion bigarrena, handik hiru urtera, Kontuen Ganbera egoitza historikora itzuli zenean. Nafarroako Parlamentuak ere jasoa du saria. 2005ean eman zitzaion, Parlamentuak Kontuen Ganbera martxan jarri zueneko 25. urteurrenean.

Luis Ordokik (Iruñean, 1957) Zuzenbide ikasketak egin zituen Nafarroako Unibertsitatean, eta Bartzelonako IESEko masterra Ekonomia eta Enpresa Zuzendaritzan. Kontuen Ganberan 1982n hasi zen, erakundea martxan jarri zen urte berean. 36 urte egin ditu erakundean, 33 idazkari nagusi. Haren zeregin nagusia bikoitza izan da: aholkularitza juridikoa zuzentzea eta langileriaren buru izatea.

Horrez gain, Ordoki hamaika argitalpen eta artikuluren egilea da, diru publikoaren kudeaketa eta Kontuen Ganbera hizpide harturik.

Luis Ordokik heldu den asteartean, urtarrilak 28,  jasoko du domina, Kontuen Ganberaren 40. urteurrena ospatzeko Parlamentuan eginen den ekitaldi batean. Bertan izanen dira Nafarroako agintari nagusiak.