Skip to main content

Nafarroako despopulazioari buruzko txostena aurkeztu du Ignacio Cabezak Parlamentuan

Argitalpen data

Ignacio Cabeza Kontuen Ganberako lehendakariak agerraldia egin du gaur goizean Parlamentuko Lurralde Kohesioko Batzordearen aurrean, Nafarroako despopulazioari buruzko txostena azaltzeko.

Cabezaren hitzetan, despopulazioa arazo konplexua da, eta hainbat arrazoi eta faktore daude, Estatuan eta Nafarroan egindako ikerketa eta planetan identifikatutakoak. “Azken 30 urteetan %27 handitu da Nafarroako biztanleria, eta, aldi berean, udalerrien erdiek baino gehiagok biztanleria galtzen zuten”.

Kontuen Ganberako lehendakariak azpimarratu duenez, 166 udalerri daude despopulatzeko arriskuan, guztien %61. “Pirinioetan, Pirinioaurrean, Zangozako eskualdean eta Lizarraldean daude herririk kaltetuenak”.

Ildo horretan, Pirinioetako Plan Estrategikoa goraipatu du Cabezak, zalantzarik gabe. Gobernantza eredu parte-hartzaile eta transbertsal batean oinarritzen den plan bat, ekintza eta komunikazio plan bat. Cabezaren ustez, “eredu ona da despopulazio arriskuan dauden beste eremu batzuetara zabaltzeko”.

Era berean, Cabezak aipatu ditu 2020an Zangozako eskualdeko, Erdialdeko Eremuko eta Montejurra azpieskualdeko eremu despopulatuei buruz egindako azterketak. Azterketa horietan, ekintza-ildoak eta baliabideak ezarri ziren biztanleria finkatzen laguntzeko baina “ez ziren martxan jarri”.

Kontuen Ganberako lehendakariak despopulazioaren aurkako foru lege bat onartzeko eskatu du, neurri ekonomiko, fiskal eta administratiboekin, herri kaltetuenetako biztanleen galera geldiarazteko. Azkenik, despopulazio arriskuan dauden eremuetan azpiegitura digitalak bultzatzeari eman dio garrantzia. Zuntz optikoa eta abiadura handiko Interneteko sarbidea bultzatzea gomendatzen du Cabezak.

Ignacio Cabezaren aurkezpenaren ostean, Legebiltzarreko bozeramaileek hitz egin dute. Txostena “oso zorrotza” dela esan du Ibañezek (UPN). “UPNtik uste dugu txosten honek agerian uzten duela Nafarroako Gobernuak egindako lan makala”. Eta nabarmendu duenez, “beharrezkoa da lana eta zerbitzu egokiak emango dituzten enpresak ezartzea eta komunikazioaren aldeko apustu handiagoa egitea”.

Lecumberrik (PSN) ere Kontuen Ganbera zoriondu du egindako txostenagatik. “Lan asko dago egiteko. Oso arazo konplexua da, eta zeharkako irtenbideak behar ditu. Herritarrek eskubide berberak izan behar dituzte, bizi diren tokian bizi direla ere”.

Zabaletak (EH Bildu) azpimarratu du Nafarroan despopulazioa aspaldiko arazoa dela, eta, horregatik, “autoexijenteagoak izan behar dugu”. “Despopulazioa arazo konplexua da, eta zeharkako ikuspegi koordinatutik heldu behar zaio, Kontuen Ganberak ongi azpimarratu duen bezala”. “Diru asko behar da despopulazioari aurre egiteko, baina horretan ez inbertitzeak ordainik gabeko faktura dakar”.

Geroa Bairen aldetik Azconak hartu du hitza. “Ikerketa eta estatistika ugari ditugu. Horrek islatzen du azterketa eginda dagoela; badakigu zeintzuk diren despopulazioaren arrazoiak; orain, baliabide egokiekin ekitea dagokigu”.

PPko Royok esan duenez, “txostena baliotsua da despopulazioari aurre egiteko”. Onartu duenez, “oso arazo konplexua da, baina horrek ez du justifikatzen Nafarroako Gobernuaren kudeaketa eskasa”.

Lopezek (Contigo-Zurekin) ere kezka adierazi du. “Nafarroa ezin da ulertu bere landa eremurik gabe”. Hala ere, “uste dugu egokitzen ari garen neurrien joera egokia dela eta egoera hobera joango dela”.

Azkenik, Vox-eko bozeramaile Jimenezek nabarmendu duenez, “arazo konplexua da, eta beharrezkotzat jotzen dut despopulazioaren aurkako foru legea onartzea, neurri ekonomiko, fiskal eta administratiboekin”.

Irudian, Ignacio Cabeza lehendakaria. Eskuinean, Asun Olaechea auditorea, Nafarroako despopulazioaren txostenaren arduraduna.