Skip to main content

ASOCEX

"Orduko aditzaileak oraingo auditoreak" komikiaren aurkezpena

Argitalpen data

Orduko aditzaileak oraingo auditoreak komikia aurkeztu dugu gaur Kontuen Ganberan. Cesar Orozek eginiko lanaren helburua da gure egoitzara bisitan etortzen diren gazteei ematea, bisitaren osagarri. Komikian bilduriko testu eta marrazkiek Kontuen Ganberaren historiaren, gaur egungo egoeraren eta egoitzaren berri ematen dute, zuzen eta egoki, umorearen talaiatik.

Cesar Orozek oso gustuko lana izan dela azpimarratu du. “Kontuen Ganbera funtsezko erakunde historikoa da. Nik, bereziki, Ganberaren historiarekin gozatu dut. Bigarren zatian, Kontuen Ganberaren zeregina ahalik eta argien azaltzen saiatu naiz. Eta hirugarrenean, egoitza eder honen berri eman dut. Hor ere istorio interesgarriak daude. Izan ere, Kontuen Ganberaren eta diru etxearen egoitza izateaz gain, beste kultur instituzio batzuena ere izan da: Nafarroako museoa, Euskararen Akademia edo Nafarroako Unibertsitatea. Pozik nago eginiko lanarekin. Kontuen Ganbera gazteen artean ezagutarazteko balioko duela uste dut”.

Kontuen Ganberako komunikazio arduradun Fermin Erbitik gardentasunean eredugarri jokatzeko beharra azpimarratu du. “Guk gardentasuna eskatzen diegu gainerako erakundeei eta, beraz, eredugarri jokatu behar dugu. Batetik, gure lanaren berri emanez, biztanle guztien diruaz ari baikara.Bestetik, etxeko ateak zabalik utziz, nahi duena egoitza ezagutzera etor dadin. Pedagogia egin behar da, batez ere gazteen artean. Gogoratu behar zaie erreinu bat izan ginela, ogasun propio dugula, Kontuen Ganberak duela hemengo kudeaketa publikoa aztertzeko eskumena. Eta kontrol horren bidez guztion diruaren erabilera hobetu daitekeela”.

Hiru mila ale egin dira, 2.000 gaztelaniaz eta 1.000 euskaraz. Lanaren kostu osoa 6.000 euro izan da.

Irudian, Cesar Oroz eta Fermin Erbiti, Kontuen Ganberako barneko patioan.