Skip to main content

ASOCEX

Patxi Etayo lankideari azken agurra

Argitalpen data

Patxi Etayo gure lankideari azken agurra eman diogu gaur goizean, Iruñeko Hilerrian. Hileta elizkizuna ere gaur eginen da, arratsaldeko 7etan, Iruñeko San Nikolas elizan.

Etayo 1983ko ekainean hasi zen Kontuen Ganberan lanean, administrari-laguntzaile. Gero Auditoretzako laguntzailea izan zen eta 1989an Auditoretzako teknikari lanpostua lortu zuen. Kontuen Ganberako legelari eta auditorea ere izan da. Kontuen Ganberan eginikoa, beraz, luzea bezain oparoa. Patxi izan da gure instituzioan lanpostu gehien izan dituen profesionala.

Lan-kontuek, jakina, ez dute agortzen lankide bati buruz erran beharrekoa. Eta zer erran gure lankideaz? Gizon jantzia, jakin-min handikoa zela eta, beraz, irakurzalea. Hona hemen horren froga: Ansoleaga karrikako egoitzara dozena erdi bat egunkari besapean etortzen zen egunero. Patxi lankide dotorea izan da, barnetik zein kanpotik. Tipo apala, entzuten zekiena, ironia fina erabiltzen iaioa. Eta carpe diem gogoan beti, bizitzaz gozatzen saiatzen zen: familiarekin, lagunekin, lankideekin. Agurraren ordu tristean begiak itxi eta hortxe dago Patxi: borobil batean, lagunez inguraturik, irribarretsu, Voll-Damm hotza eskuan, topa eginez. Guk ere horixe egin nahi dugu zurekin, Patxi, zure alde: topa egin, plazer handia izan baita zu bezalako pertsona bat ezagutzea.