Skip to main content

ASOCEX

2016/30 2015eko Nafarroako Kontu Orokorrak

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2016/30 2015eko Nafarroako Kontu Orokorrak ()

Nafarroako Kontuen Ganberak 2015eko kontu orokorrei buruzko txostena kaleratu du. Bertan, ohi denez, nafar ogasunaren egoera aztertzen da, ikuspegi orokorra eskainiz. Txostenak Gobernuaren kontuak ez ezik, elkarte eta fundazio publikoenak, eta Parlamentuaren eta haren menpeko erakundeenak ere biltzen ditu.

Txostenak dioenez, Nafarroako Gobernuak iaz 3.914 milioi gastatu eta 3.847 milioi bildu zituen. Aurreko urteko datuekin alderatuz, gastuak 53 handitu ziren. Diru-sarreren igoera txikiagoa izan zen: %1, hain zuzen.

Gastuen diru-sail nagusia ohiko transferentziak dira: 1.471 milioi. Bigarrena langileria da: 1.138 milioi. Ohiko gastu eta zerbitzuetan 562 milioi gastatu ziren, eta inbertsioetan 92 milioi besterik ez.

Diru-sarrerei dagokienez, zuzeneko zergen bidez 1.467 milioi bildu ziren eta zeharkako zergekin, berriz, 1.641 milioi. Dirua biltzeko hirugarren iturria zorra izan zen: 447 milioi.

Aurrekontu emaitza ez finantzarioa (gastuen eta diru-sarrera ez finantzarioen arteko aldea) negatiboa izan zen 163 miliotan. Datu hori aurreko urteko baino txarragoa da, eta berdin gertatzen da diruzaintzako gerakinarekin: -238 milioi. Kontuen Ganberak dioenez, egoera honek likidezia arazoak sor ditzake epe motzean.

Nafarroako Gobernuaren gastua arloka aztertuz gero, hauexek dira konklusioak: Osasuna da arlo nagusia, gastuen %24rekin; bigarrena Estatuari hitzarmen ekonomikoagatik ordaintzen zaiona da: %16. Hezkuntza hirugarrena da, gastuen %15, zor publikoa %11 eta gizarte zerbitzuen portzentajea 56 da.

2014ko datuekin alderatuz, aipagarria da zergen bidezko diru-sarreren igoera: %6, 3.200 milioi. Gastuei dagokienez, hiru arlotan handitu dira: Osasuna, 916 milioitik 958 milioira; Hezkuntza, 568 milioitik 580ra; eta gizarte babesa, 442 milioitik 451ra.

Txostenak dioenez, Foru Administrazioak ez du bete aurrekontu egonkortasunerako xedea, bai ordea finantza iraunkortasunari begira finkaturikoa, bai zorrari dagokionez, bai eta hornitzaileei garaiz egin beharreko ordainketei dagokienez.

3.322 milioiko zorra

Foru Administrazioaren zorra 3.322 milioikoa da, 2014an baino 125 milioi gehiago. Zor-zati nagusia Gobernuari dagokio: 3.164 milioi, itzalpeko ordainsariena barne. Gainerako 158 milioikoa sozietate eta fundazio publikoena da.

Txostenak azpimarratzen duenez, Gobernuak biltzen duena ez da aski ohiko gastuei eta zorrak sorturikoei aurre egiteko. Horren ondorioz, zorra gero eta handiagoa da, eta hura finantzatzeko behar den diru kopurua ere.

Kontuen Ganberak azken urteotan sortu den zorra aztertu du, ekitaldi bakoitzean amortizaturikoaren eta harturiko zorraren diferentzia, urteko zor garbia kalkulatzeko. Bada, 2010ean sortu zen zor handiena: ia 500 milioi. Harrez geroztik, zor bidez finantzatu beharrekoa gutxitzen joan da. Iaz, Gobernuak 447 milioiko zorra hartu eta 307 milioi amortizatu zuen. Beraz, 140 milioiko zor garbia sortu zen.

Hori guztia ikusita, Kontuen Ganberak gastu eta diru-sarrera guztien azterketa eskatzen du, kontuak orekatu eta zorra gutxitzen hasteko.

Estatuarekin dagoen hitzarmen ekonomikoak sorturiko gastu eta diru-sarrerak ere aztertu dira. Nafarroak 618 milioi ordaindu zizkion Estatuari hemen eskaintzen dituen zerbitzuengatik. BEZ eta zerga berezien doikuntzengatik Foru Administrazioak 744 milioi jaso zituen.

Kontuen Ganberak hitzarmena berritzeko gomendio azpimarratzen du, 2015-2019 bosturtekoan ordaindu beharrekoa eta zergen doikuntzen sistema eguneratu behar direlako.

Kontuen Ganberak dioenez, 2015eko kontuek ongi islatzen dituzte ondarea, aurrekontu kitapena eta finantza egoera. Bi salbuespen aipatzen dira: ondasun zerrendarik ez dagoela, eta kontu orokorrek ez dutela islatzen funtzionarioen montepioak sorturiko gastua.

Sozietate publikoak

Txostenak enpresa publikoen egoera ere aztertzen du. 16 dira, 853 milioiko ondare garbia dute eta 260 milioiko zorra. 2015ean 60 milioiko galera izan zuten. Etekina eman zutenak hiru dira: Tracasa, Salinas de Navarra eta Posusa.

Nafarroako sozietate publikoek 1.061 langile dituzte, zuzendariak barne. Alde horretatik, aipatzekoa da oraingo gobernuak zuzendariendako soldata sistema berria martxan jarri duela. Xedeei loturiko ordain-sari aldagaia alde batera utzita, 55.000 eta 85.000 euro arteko soldata ordaintzen zaie zuzendariei, kudeaketaren zailtasunaren arabera.