Skip to main content

ASOCEX

2000/19 99ko Nafarroako kontu orokorrak

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2000/19 99ko Nafarroako kontu orokorrak ()

Nafarroako Kontuen Ganbarak 1999ko kontu orokorrei buruzko txostena kaleratu du. Txostenak Nafarroako Gobernuaren, enpresa publikoen eta gainerako erakunde publikoen egoera ekonomikoa aztertzen du.

Txostenaren hasieran Kontuen Ganbarak Diputazioaren barne kontrolaren egoera aipatzen du. Izan ere, txostenak dioenez azken urteotan barne kontrol sistema ahuldu egin da hiru arlotan. Alde batetik, kontu hartzailetzan, azken hilabeteetan kontu-hartzaileek aldez aurretiko kontrol mugatua egiten dutelako. Bestalde, Administrazioren kontratazioetan aholkulari lana egin beharko lukeen Kontratazio Batzordeak ez zuen bilera bakar bat ere egin 1999an eta ezta aurreko bi urteetan ere. Eta azkenik, Administrazioak sistematikoki egin beharko lituzkeen kontrol froga batzuk ez dira egiten.

Egoera-balantzeari dagokionez, Gobernuak aurkezturiko datuek ongi islatzen dute Nafar Ogasunaren ondare egoera, baina badira salbuespen batzuk: ondasun-zerrenda gaurkotu gabe dago eta baita zordunen saldoen gaineko azterketa ere.

Nafarroako Gobernuaren aurrekontu betetzea ere egokia da, aurrekontu kitapenak dakartzan gastu eta dirusarrerak ekonomi jardueraren isla baitira. Alde horretatik, gogoratzekoa da iazko ekitaldian Diputazioaren aurrekontua 367.000 milioikoa izan zela eta urte amaieran aurrekontu saldoa 2.400 milioikoa izan zela (dirusarrerak gastuak baino handiagoak izan zirelako).

Kontuen Ganbarak legezkotasuna ere aztertu du. Txostenaren arabera, Nafarroako Gobernuak indarrean dagoen legedia bete egiten du. Dena den, badira hobetu beharreko gai batzuk, horien artean barne kontrola. Txostenak dioenez, kontrol-araudi berriak aldez aurretiko kontrola ahuldu egin du, ondorengo kontrolaren aldeko apostua egin baita. Kontuen Ganbarak eginiko azterketaren konklusio nagusia hauxe da: aldez aurretiko kontrola mugatu egin da eta ondorengo kontrola ez da behar bezala antolatu.

Nafar Administrazioaren finantza-egoerari dagokionez, iazko datuak onak izan ziren, zorra 3.185 milioitan gutxitu egin zelako. Urte amaieran Nafarroako Gobernuaren epe luzerako zorra 110.000 milioikoa zen.

Kontuen Ganbararen txostenak Foru Administrazioaren kudekaeta hobetzeko gomendio batzuk eskaintzen ditu. Horien artean honakoak aipa daitezke: zordunen saldoak gaurkotzea, funtzionarioen pentsio sistemak dakartzan betebeharrak kontuan hartzea eta barne kontrola egokitzea.

Bestalde, Kontuen Ganbararen iritziz Gobernuak Foru Administrazioaren eraginkortasuna aztertzeko helburu eta neurgarri egokiak finkatu beharko lituzke. Izan ere, helburu eta neurgarri argiak departamentu guztien memorietan bilduz gero, askoz errezago litzateke departamentuen eraginkortasuna aztertzea.

Txostenak Nafarroako enpresa publikoei buruzko datuak ere bildu ditu. Kontuen Ganbarak emaniko datuen arabera, akziodun nagusi Gobernua duten enpresak 29 dira. Enpresa publikoen dirusarrerak 30.000 milioikoak izan ziren eta, oro har, 4.161 milioiko etekinak lortu zituzten. Azpimarratzekoak dira Audenasa eta Sodenaren datu onak (2.600 eta 2.044 milioi irabazi zituzten, hurrenez hurren). Emaitza txarretan Nafinco nabarmentzen da, iaz 1.337 milioi galdu baitzituen.

Nafarroako enpresa publikoek 1.163 langile dituzte. 29 enpresetan Tracasa da langileri handiena duena: 218 lagun.