Skip to main content

ASOCEX

1999/16 Barañaingo Udala (1998)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

1999/16 Barañaingo Udala (1998) ()

Nafarroako Kontuen Ganbarak Barañaingo Udalari buruzko fiskalizazio txostena ezagutarazi du. Txostenean honako gai hauek aztertzen dira: aurrekontu betetzea, ondare egoeraren isla, legezkotasuna, egoera ekonomikoa eta Kontuen Ganbarak aurreko txostenetan eginiko aholkuen betetzea.

Barañainek 20.747 biztanle ditu, Nafarroako hirugarren udal handiena da. Barañaingo Udalak 106 langile ditu eta bi erakunde autonomoek (Lagunak eta Musika Eskolak) beste 46.

Txostenak dioenez, aurrekontu kitapenak ongi islatzen ditu urteko dirusarrera eta gastuak. Kontuen Ganbarak emaniko datuen arabera, 1998an Barañaingo Udalak 1.142 milioi gastatu eta 1.266 bildu zituen. Funtzionamendu gastuak gastu guztien ehuneko 85 izan ziren eta inbertsioetan ehuneko 11 gastatu zen. Finantza gastuetarako gastu guztien ehuneko 4 erabili zen.

Dirusarrerei dagokienez, trasnferentziek ehuneko 59 egiten dute, zergen bidezko dirusarrerek ehuneko 38 eta gainerakoa ondare dirusarrerei dagokie.

Kontuen Ganbarak legezkotasunaren gainean eginiko azterketak dio, oro har, indarrean dagoen legeria errespetatu egiten dela, baina, hala ere, badira irregulartasun batzuk, batez ere kontratazioan. Horregatik, Kontuen Ganbarak dei bat egiten dio Barañaingo Udalari hemendik aurrera kontratazio araudia zorrotz bete dezan.

Kontuen Ganbarak plazaratu berri duen txostenean, esan bezala, Barañaingo Udalaren egoera ekonomikoa ere aztertzen da. Azterketaren konklusioa hauxe da: 1998ko abenduaren 31n udalaren finantza egoera ez zen kezkatzeko modukoa baina hemendik aurrera Udalak arazo larriak izan litzake. Izan ere, orain arte obren lizentziak izan dira Udalaren dirusarrera nagusia baina hemendik aurrera horrek ez du gehiagorik emanen, etxe multzoek herriko eremu osoa hartua dutelako.

Hau dela eta, Kontuen Ganbararen iritziz Udalak azterketa sakona egin beharko luke zergen bidezko dirusarrerak zenbateraino igo litezkeen aztertu eta, batez ere, derrigorrezkoak ez diren zerbitzuen tasak eta prezioak eztabaidatzeko. Halaber, Kontuen Ganbarak uste du Barañainek plan ekonomikoa egin beharko lukeela honako gaia hauetan sakontzeko: zerbitzuak, zerbitzuen eskaera eta finantziabideak; inbertsioak, zeintzuk diren beharrezkoak, lehentasunak, etab; gastuak murrizteko eta dirusarrerak handitzeko aukerak...

Laburbilduz, Kontuen Ganbarak uste du udal agintariek Udalaren bidegarritasuna bermatu behar dutela. Gaur egun etorkizuna ez da, alde horretatik, batere garbi transferentziengatiko menpekotasun oso handia duelako. Etxegintzak hemendik aurrera diru sarrera gutxi emanen duenez eta industriarik ere ez dagoenez, menpekotasun hori gero eta handiagoa litzateke horri aurre egiteko neurririk hartu ezean.

Barañainen jar litekeen merkatal gune handi batek egoera argi lezake baina Kontuen Ganbararen iritziz Udalak, merkatalgunea hor kokatu edo ez kokatu alde batera utzita, lanean hasi behar du plan ekonomiko sakona burutzeko.

Azkenik, txostenak Barañaingo Auditoriumaren auzia gogoratzen du. Jakina denez, inbertsioa hasi eta dirutza handia gastatu ondotik geldiarazi zen. Gaur egun ere, inbertsioak berdin segitzen du, ez aurrera eta ez atzera. Kontuen Ganbarak dioenez, inbertsio horretan gertaturikoa diru publikoen kudeaketa txarraren adibide argia da. Txostenean dei bat egiten die horretan zer ikusia izan duten erakunde guztiei behin betiko soluzioa aurki dezaten.