Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian
2017/21 Bardeako Komunitatearen protokolo, bilera, bidaia, ordain eta sarien gastua; eta kontratazio publikoaren kudeaketa (2010-2016) ()Nafarroako Kontuen Ganberak Bardeako Komunitatearen hainbat gasturen kudeaketa aztertu du: protokolo-gastuak eta bileretan parte hartzeagatik eginikoak; bidaia-gastuak; eta kontratazio arlokoak.
Txostena hiru eskariren ondorioa da. Horietako bi Parlamentuak egin zituen, EH Bilduk eta Ezkerrak bultzatuta, eta bestea Valtierrako Udalak. Kontuen Ganberak hiruren edukia batu eta guztiei txosten bakar batean erantzun nahi izan die.
Bardeako Komunitatea biztanlerik gabeko toki-entitatea da, juridikoki elkarte tradizionala. Komunitateak Bardeako 41.000 hektareako lurraldea kudeatzen du. Hortik ateratzen diren baliabideen etekina Erriberako 19 udalek, Erronkari eta Zaraitzuko Udalek eta Olivako Monasterioak bereganatzen dute. Horietako bakoitza Batzorde Orokorrean dago ordezkaturik; Batzordeak izendaturiko zazpi kidek Batzorde Iraunkorra osatzen dute. Komunitateko ordezkari nagusia presidentea da.
Aipatzekoa da Bardeako lurraldeak parke natural eta biosfera erreserba izendapenak dituela.
Txostenak dioenez, 2010etik 2016ra Bardeako Komunitateak 900.000 euro gastatu zituen protokolo, bileren ordainketan eta ordezkarien ordain-sarietan.
Protokoloan 240.000 euro gastatu ziren. 2011koa izan zen gastu handiena (50.000 euro), eta geroztik behera egin du. Gastuaren zati nagusia jatetxetan, Eguberrietako oparietan eta elikagaietan egin da. Horren hartzaile nagusiak Komunitateko ordezkariak eta inguruko herrietakoak izan dira. Aipatzekoa da Batzorde Orokorrak, berriki, protokolo-gastuak arautu dituela, hemendik aurrera gastu horiek kudeaketa onaren irizpideetara egokitzeko.
Komunitateko ordezkariek jasotako ordain-sariak ere aztertu dira. 2010-2016 epean 560.000 eurokoak izan dira. Gai hau ere arautu berria da, Komunitateko ordezkarien eskubideak ongi zehazteko. Presidentearen ordain-sariak ere aldatu dira. Oraingoak zenbateko finkoa jasotzen du, aitortu zaion jardunaldi partzialaren truke.
Bilera eta hitzaldietara joategatik ordaindurikoa 102.000 euro da. Gehiena lau bidaiak sortu dute: Txile, Costa Rica, Israel eta Brasila eginikoek. Bidaia-agentzia baten bidez egin ziren, eta hortik ateratako informazioa ez da aski gastuen xehetasun guztiak ezagutzeko.
Bidaiak
Txostenak bidaia instituzional batzuk aztertu ditu: Egipto (2006), Argentina (2007), Senegal (2008) eta Costa Rica (2012). Bidaiok onartzeko agirian esaten denez, parke nazionalen kudeaketa ezagutzea zuten helburu. Bidaiari guztiak Komunitateko ordezkariak dira. Teknikari bakar bat ere ez joan.
Horietako bitan deigarria da bidaiari kopurua, oso handia delako: Egiptora Mankomunitateko 34 ordezkari joan ziren, eta 29 Senegalera. Kontuen Ganberaren ustetan, bidaiari kopurua neurriz kanpokoa da. Horregatik, diru publikoaren kudeaketak zuhurtzia eskatzen duela azpimarratzen du: "Kudeaketa publikoak zuhurtzia behar du, neurria eta arrazionaltasuna. Eta bidaia horietako bitan ez zen horrelakorik izan". Txostenak dioenez, Egiptoko bidaian 64.000 euro gastatu ziren, eta Senegalekoan 72.000 euro.
Protokolo eta bidaia gastuei buruzko konklusio nagusian zuhurtzia eta neurritasun falta azpimarratzen da. Izan ere, legezkotasuna ez da diru publikoaren kudeatzaileei eskatu beharreko bakarra; arrazionaltasuna eta zuhurtzia ere eskatu behar zaizkie. Alde horretatik, protokolo-gastuetan ez dago argi gastu hori Komunitatearen mesederako ote den, eta zenbatekoak ere ezin daitezke normaltzat har. Bidaiei dagokienez, horietako batzuek ez dute zer ikusirik kudeaketa onarekin.
Kontratazioa
Kontuen Ganberak Komunitateak eginiko lan, laguntza, hornidura eta ikerketa kontratuak ere aztertu ditu. 2010etik 2016ra 1,4 milioi gastatu zen horretan. Salbuespen banaka batzuk alde batera utzita, kontratuak indarrean dagoen legediaren arabera egin ziren, prozedura zabala erabiliz. Prozedura horrek lehia bermatu eta prezioen jaitsiera errazten du.