Skip to main content

ASOCEX

2014/02 Eguesibarko Udala (2012)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2014/02 Eguesibarko Udala (2012) ()
Nafarroako Kontuen Ganberak Eguesibarreko Udalari buruzko txostena argitaratu du. Txostenak honako gai hauek aztertzen ditu: 2012ko kontuak, legezkotasuna, finantza egoera eta azken txostenetan bilduriko gomendioen jarraipena.

Kontuen Ganberak, berriki, Udal enpresa batek erositako preferenteei buruzko txosten bat argitaratu du. Kontuen Ganbaera udal kudeaketaren beste arlo bat ere aztertzen ari da: udal enpresek hirigintza eta kontratazio arloan eginiko kudeaketa, hain zuzen. Horren emaitza aurten kaleratuko den beste txosten batek jasoko du.

Eguesibarreko Udalak hamar kontzeju, bost jaurerri eta hiru biztanle-entitate ditu. Guztira, 17.450 biztanleko udalerria da. Aipatzekoa da azken sei urteotan biztanleria hirukoiztu egin dela, eta biztanle gehienak bi tokitan biltzen direla: Sarriguren eta Gorraitzen, hain zuzen.

Udalak hirigintza udal enpresa bat du: Andacelay, 2004an sortua. Enpresak udalak eta enpresa pribatu batek sorturiko beste bi enpresatan parte hartzen du, bietan sozio pribatu bera duelarik. Azken bi enpresetako bat –Sociedad Gestión y Promoción Egüés 21, S.A.- iaz desagertu zen, behin egin beharreko lanak burutu eta gero.

2012an, Eguesibarreko Udalak 8,5 milioi gastatu zituen. Diru-sarrerak, berriz, 7,8 milioikoak izan ziren. Behin egin beharreko doikuntzak egin ondoren, defizita 100.000 eurokoa izan zen.

Langileriarena da gastu nagusia: 3,8 milioi. Ohiko ondasun eta zerbitzuetan 3,5 milioi gastatu ziren eta transferentzietan 700.000 euro. Diru-sarrerei dagokienez, ohiko transferentzien bidez 3,2 milioi lortu ziren, zuzeneko zergen bitartez hiru milioi eta udal tasekin 1,2 milioi.

Aurreko urteko datuekin alderatuz, gastuak %13 jaitsi ziren, eta diru-sarrerak %5.

Udalaren kontu orokorrak ongi islatzen ditu diru-sarrera, gastu, ondare egoera eta eragiketen emaitzak. Dena den, txostenak gogoratzen duenez udalak ikerketa batzorde bat sortu zuen udal kudeaketaren kontu batzuk argitzeko. Horren emaitza epaileari, fiskali eta Ogasuneko arduradunei bidali zitzaien. Txostenak dioenez, baliteke auziak eragin ekonomikorik izatea udalaren kontuetan.

Legezkotasunari dagokienez, langilerian eta kontratazioan irregulartasun batzuk aipatzen dira. Hirigintzan ere badago zer hobetua. Kontuen Ganberak berak plazaratuko duen txostenean zehatz-mehatz aipatuko badira ere, hutsune batzuk azpimarratzen dira: prozedura, datu-base, artxibo, kontrol eta jarraipen falta. Gainera, udalak ez du kontrolatzen arlo horretan udal enpresek eginiko lana.

Txostenak Eguesibarreko Udalaren gastu eta diru-sarreren azken urteotako bilakaera ere aztertu du. Horren konklusio nagusia hauxe da: Udalak dirutza bildu zuen 2006 eta 2007an hirigintzari esker. Garai berean, inbertsio handiak egin zituen: udaletxea, osasun-etxea, ikastetxea eta kiroldegia, besteak beste. Inbertsioek ohiko gastua ere handitu egin dute, ohiko diru-sarrerak gainditzeraino. Diru-sarrera eta gastuen arteko desoreka hirigintzatik jasotako diruari esker konpondu da.

Laburbilduz: udala diruzaintzako gerakin positiboa sortzen aritu da, hirigintzatik zetozen diru-sarrerei esker. Krisiak, ordea, egoera irauli egin du. Azken urteotan sarrerak gutxitu diren bitartean, gastuek gora egin zuten. Udalak ez du zorrik, baina ohiko gastuak murriztu eta diru-sarrerak handitzeko ahalegina egin behar luke, hori baita epe luzerako bidegarritasunaren bermea.

Bete gabeko gomendioei dagokienez, bi azpimarratzen dira: hirigintza kudeatzeko modua, Kontuen Ganberak uste baitu enpresen bidez egitea ez dela egokiena; eta biztanleriaren gorakadak sortuko dituen ohiko gastuen gaineko azterketa egin beharra.