Skip to main content

ASOCEX

2011/07 Eguesibarreko Udala (2009)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2011/07 Eguesibarreko Udala (2009) ()

Nafarroako Comptos Ganberak Eguesibarreko Udalaren 2009ko fiskalizazio txostena kaleratu du. Txostenak kontu orokorra, legezkotasuna, udalaren finantza-egoera eta azken urteotan eginiko gomendioen jarraipena aztertu ditu.

Eguesibarreko Udalak 10.000 biztanletik gorako udalerria da. Sarriguren eta Egues dira herri nagusiak. Orain dela zazpi urte, Udalak Andacelay hirigintza enpresa sortu zuen. Udal enpresa etxebizitza bultzatzea helburu duten beste bi enpresaren partaidea da, eta bietan kapitalaren %51ren jabea da. Udalak lur-sail batzuk eman zizkion enpresari, eta haien salmentak emaniko dirua da Andacelayren kapitala.

Txostenak dioenez, 2009an Eguesibarreko Udalak 8,8 milioi gastatu zituen eta 8,6 milioi bildu. Aurreko urteko datuekin alderatuz, gastuak %4 gutxitu eta diru-sarrerak, berriz, %28 handitu ziren. Aurrekontu-emaitzak 245.000 euroko defizita eman zuen. Dena den, Udalak 4,4 milioiko diruzaintzako gerakina zuen 2009ko amaieran. Epe luzerako zorra 710.000 eurokoa zen.

Comptos Ganberak Udalaren kontu orokorra aztertu du. Alde horretatik, aipatzekoa da Andacelay udal enpresaren datuak ez daudela Udalaren kontuekin bateratuta, eta, beraz, kontu orokorrak ez du egoeraren irudia behar bezala eskaintzen. Hala egin izan balute, kontuen kalitatea ez ezik, datuak ere hobea lirateke. Izan ere, aipaturiko enpresak 8,6 milioiko aktiboa dauka. Dirutza hori udal inbertsio batzuk finantzatzeko erabili izan da, udal bulegoen eraikina, esate baterako. Comptos Ganberaren aburuz, Udalak berak prestatu, burutu eta finantzatu beharko lituzke udal inbertsioak.

Legezkotasunari dagokionez, Eguesibarreko Udalaren ekonomia eta finantza jarduera indarrean dagoen legediaren arabera egiten da.

Txostenak kudeaketa hobetzeko gomendio batzuk egiten ditu, horietako batzuk udal hirigintzaren kudeaketaz. Comptos Ganberak dioenez, hirigintza kudeatzea da Udalen zeregin nagusienetakoa, eta kontrol eta gardentasunik handiena eskatzen duenetakoa. Txostenak azpimarratzen duenez, hirigintza enpresen bitartez kudeatzea irizpide horiek kolokan jartzen ditu.