Skip to main content

ASOCEX

2013/04 Esako Udala, 2011

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2013/04 Esako Udala, 2011 ()

Nafarroako Kontuen Ganberak Esako Udalaren fiskalizazio txostena kaleratu du. Udalak berak eskaturiko txostenak 2011ko kontuak aztertu ditu.

Txostenak dioenez, Esako Udalak 313.000 euro gastatu eta 334.000 euro bildu zituen. Gastu nagusia ohiko ondasun eta zerbitzuak dira: 180.000 euro. Langileriaren gastua 100.000 eurokoa da. Diru-sarrerei dagokienez, ohiko transferentziek 123.000 euro egin zuten, zuzeneko zergek 102.000 euro, eta tasa eta prezio publikoek, berriz, 76.000 euro.

Aurrekontu kitapenak ez ditu urteko gastu eta diru-sarrerak biltzen. Bestalde, kreditutik gaineko gastuak egin izan dira, eta balantzeak zein emaitzen kontuak akats asko dituzte.

2010 eta 2011ko diru-laguntzak ez daude behar bezala justifikaturik, eta horrek eragina izan dezake udalaren finantza egoeran. Izan ere, Esako Udalak beste administrazioetatik jasotako diru-laguntzen azterketak irregulartasunak azaleratu ditu, dokumentuak faltsutu egin baitira.

Irregulartasun horiek Nafarroako Gobernutik zein Estatuko Gobernutik jasotako diru-laguntzetan antzeman dira. Nafarroako Gobernuari dagokionez, bi espedientetan antzeman dira irregulartasunak: inbertsio planeko 46.000 eurokoa, bata, eta Nafarroako Lan Zerbitzuak emaniko 10.000 eurokoa, bestea. Estatuarena “Plan 2010” izenekotik jasotako 27.000 eurokoa da.

Aipatzekoa da Udalaren osoko bilkurak diru-emaileekin solasean hasteko erabakia hartu duela, egoera konpontzeko.

Hau dena kontuan harturik, Kontuen Ganberak kontuen aurkako iritzia ematen du. Batetik, kontuek ez dutelako finantza egoera islatzen eta, bestetik, udalak ez duelako legea bete haren finantza jardueran.

Beraz, Udalaren prozedura guztiak aztertu eta hobetu behar dira, gardentasuna bermatzeko. Kontuen Ganberak, antzemandako arazo larrien aurrean, kontrol sistema egokia martxan jartzeko beharra azpimarratzen du.

Azkenik, txostenak Fundación Yesa ere aipatzen du. Nafarroako Gobernuak 2007an sortua, Esako Udaletxean du egoitza. Urtegia handitzeko proiektuen inguruko ekimenak bultzatzeko asmoz eratu zen. Geroztik, ordea, ez du helburu horrekin zer ikusirik duen ekimenik bultzatu. Diru-laguntza batzuk eman dizkie inguruko udalei, ohiko beharrei aurre egiteko. Hori ikusirik, Kontuen Ganberak fundazioa desegitea gomendatzen du.