Skip to main content

ASOCEX

1999/10 Eskoletako baldintzak hobetzeko programa

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

1999/10 Eskoletako baldintzak hobetzeko programa ()

Nafarroako Kontuen Ganbarak Hezkuntza arloko gai batzuk aztertzen dituen txosten bat kaleratu du. Txostena Ezker Batuak eskatu zuen Nafarroako Parlamentuan. Aipatu talde parlamentarioak eginiko eskaerak lau gairi buruzko azterketa zuen helburu: Ikasleek aukera bera ote duten aukeraturiko ikastetxera joateko, batez ere ikastetxea pribatua denean; Nafarroako Gobernuak kontzertaturik dituen ikastetxeetan derrigorrezko irakaskuntza dohanik eskaintzen ote den; Hiru urtetik beherako haurren matrikulazioaren egoera; eta, azkenik, hezkuntza erreforma zenbateraino aplikatzen ari den Nafarroako ikastetxeetan.

Lehen gaiari dagokionez, Kontuen Ganbarak dio, oro har, gurasoek eginiko aukera errespetatu egiten dela. Txostenean emaniko datuen arabera, iaz 4.600 ikasle berri hasi ziren eta 4.482 gurasoek aukeratutako ikastetxera joan ziren. 108 ikaslek ez zuten aukeratutako zentroan ikasterik izan (74 pribatuetan eta 34 publikoetan) baina guztiak beste ikastetxetara eraman zituzten. Arazo larriena Ermitagañako ikastetxean D eredua aukeratua zuten 17 ikasleena izan zen, ikasle horien gurasoek ez baituzten onartu Departamentuak eskainitako soluzioa.

Arreta berezia behar duten ikasleei dagokienez, iaz 1.249 matrikulatu ziren. Ikasle horien ehuneko 82 ikastetxe arruntetara joan ziren LOGSE legeak agindutakoa betez. Aipatzekoa da arazoak dituzten ikasle gehienak (%65) ikastetxe publikoetan matrikulatzen dituztela.

Gutxiengo etnikoko ikasleei dagokienez, Nafarroan 2.200 daude, gehienak ikastetxe publikoetan matrikulatuta. Gehienak ijituak dira, Nafarroako toki zehatz batzutan bizi eta leku horietatik hurbil dauden ikastetxetara joaten direnak.Hau dela eta, ikastetxe gutxitan daude matrikulatuta. Kontuen Ganbararen txostenak dioenez, ijituak dituzten ikastetxe horietan matrikulazioak behera egiten du beste ikasleen guraso askok uko egiten baitiote bertan seme-alabak matrikulatzeari.

Ikastetxe pribatuek ikasleei kobratzen dieten dirutzaz ere informazioa auki daiteke Kontuen Ganbarak aurkezturiko txostenean. Jakina denez, legearen arabera derrigorrezko hezkuntza dohainik eskaini behar da, bai ikastetxe publikoetan nola pribatu-kontzertatuetan. Kontuen Ganbarak dioenez, afera horretan dagoen arazo nagusienetakoa dohainik kontzeptuaren definizio falta da. Izan ere, hezkuntza oso kontzeptu zabala da eta oraindik ez da argitu eskolaz gain materialak, iharduera osagarriak, orientazioa, bidaiak etab. ere dohainik eman behar ote diren.

Ikastetxe pribatuek Hezkuntza kontzeptuagatik ez dute deus kobratzen derrigorrezko zikloetan baina Kontuen Ganbarak frogatu du ikastetxe pribatu gehienek ziklo horietan kobratu egiten dutela beste kontzeptu batzuk erabiliz: iharduera osagarriak, kooperatibaren fondoetarako aportazioa...Txostenak dioenez, ikastetxe pribatuek, bataz beste, 5.000 pezeta kobratzen dute hilabetean.

Honek guztiak zentro pribatuek gela bakoitzeko Diputaziotik jasotzen duten dirulaguntzaren egokitasunari dago loturik eta, alde horretatik, Kontuen Ganbarak dio hezkuntzaren kostuei buruzko azterketa sakona beharko litzatekeela, bai ikastetxe publiko nola pribatuetan, edozein erabaki hartu baino lehen.

0-3 urte bitarteko haurren matrikulazioari dagokionez, Kontuen Ganbarak emaniko datuen arabera 171 haur daude matrikulaturik ikastetxe pribatutako 12 gelatan.Nafarroako Gobernuak ziklo honetan ez du baimenik eman adin horretan hezkuntza derrigorrezkoa ez izateaz gain, ziklo hori arautu gabe dagoelako.

Kontuen Ganbararen ustez, LOGSE izeneko legea onartuta, sei urtetik beherako ikasleena \"haur hezkuntza\" da eta hezkuntza sisteman sartuta dago. Gaur egun adin horretako haurrak haurtzaindegietara joaten dira. Txostenak dioenez, haurtzaindegiek LOGSEk aginduriko arauteriara egokitu behar dute.

Txostenak berak onartzen duenez, Nafarroako Gobernua ez dago ados Kontuen Ganbarak duen iritziarekin eta horixe diote Hezkuntza Departamentuko arduradunek txostenari eginiko alegazioetan.

Txostenak emaniko datuen arabera, Nafarroan hiru urtetik gorako ikasle ia guztiak matrikulaturik dauden bitartean Estatuko beste toki askotan 3-6 urteko bitarteko haur asko matrikulatu gabe daude. Nafarroan, beraz, lehenengo zikloa arautzea da (0-3 urte) gelditzen den azken erronka.

Txostenaren arabera, hiru urtetik beherakoak ikastetxeetan matrikulatzeak 13.000 milioiko kostua izan lezake baina hezkuntza hori derrigorrezkoa ez denez, Diputazioak ez luke ordaindu behar. Bestalde, kontuan hartu behar da Estatuko elkarte autonomo gehienek ez dutela deus egin lehen ziklo hori martxan jartzeko.

Legearen interpretazioak bat baino gehiago direla eta zikloa martxan jartzeak izan ditzakeen ondorioak kontuan hartuz, txostenak kontsentsua eta zuhurtasuna eskatzen ditu. Nolanahi ere, Kontuen Ganbararen iritziz hiru urtetik beherakoen matrikulazioa arautzeko irizpide garbiak behar dira, bestela eskola bakoitzak bere irizpidea erabiliko du eta horrek behin betiko soluzioa oztopa lezake.

Hezkuntza erreformari dagokionez, Kontuen Ganbarak Diputazioak eginiko inbertsioak aztertu ditu. Txostenak dioenez, 1994tik 1997ra Diputazioak 6.645 milioi gastatu zituen ikastetxeak egokitzeko. Dirutza horretatik, 6.445 milioi ikastetxe publikoetan inbertitu zituen eta 200 ikastola batean.

Gela eta irakasleen arteko proportzioari dagokionez, datuak hobeak dira ikastetxe publikoetan, ikasle gutxiago eta irakasle gehiago dituztelako. Lehen zikloan, esate baterako, ikastetxe publikoetako gelek, batez beste, 17 ikasle dituzte eta pribatuek 22.

Beste datu orokorragoak ere eskaintzen dira. Esate baterako, hezkuntza publikoa gero eta ikasleen portzentaia handiagoa hartzen ari dela azken urteetan. Gaur egungo datuen arabera, ikasleen %61 ikastetxe publikoetan dago matriulaturik eta %39 pribatuetan.

Hizkuntza ereduei dagokienez, azken urteetan A eta D ereduek etengabeko gorakada izan duten bitartean, G ereduak (erdarazkoa) behera egin du eta B ereduak ez du gure lurraldean arrakastarik izan.