Skip to main content

ASOCEX

2016/21 Foru Administrazioak eginiko informatikaren kontratazio eta kudeaketa (2011-2015)

Argitalpen data
Kontuen Ganberak Gobernuaren informatika gastuak aztertu ditu kaleratu berri duen txostenean. Txostenaren helburua da gastu hori zehaztea eta enpresa pribatu zein publikoekin informatika arloan eginiko kontratuak aztertzea.

Kontuen Ganberak dioenez, Gobernuak hiru bide erabiltzen ditu informatika arloan: Foru Administrazioko langileria, enpresekin eginiko kontratuak eta enpresa publikoei ematen dizkien enkarguak.

2015eko kontuetan informatikak 43 milioiko gastua izan zuen: sei langilerian, 26 kontratu, enkargu eta lizentzien alokairuan eta 10 lizentzi, programa eta ordenagailuen erosketan.

Langileria eta kontratuen kudeaketaz Lehendakaritza Departamentuko Informatika, Telekomunikazioa eta Berrikuntza Publikoaren zuzendaritza nagusia arduratzen da. Dena den, beste departamentu batzuetan ere badira informatikariak: Osasun eta Hezkuntza Departamentuetan, batez ere.

Foru Administrazioko 13.500 lanpostutan erabiltzen da informatika. 3.200 produktu informatiko daude: 2.400 informazio sistema eta gaienerakoak software.

Gobernuak badu erabiltzaileendako arreta zentro bat, enpresa batek kudeatua. Osasun Departamentua da salbuespena, bertako teknikariak arduratzen baitira horretaz. Aipaturiko zentroak erabiltzaileei laguntza ematea du helburu, urtean 365 egunetan. Egunero, bataz beste, 455 arazo konpondu behar izaten ditu. Arazoak konpontzeko bataz besteko epea lau egunekoa da.

Gastuaren eta langileriaren bilakaera

Gobernuak urtean 40 milioitik gora gastatzen du informatikan. Azken urteotako gastu handiena 2014koa izan zen (45 milioi) eta murritzena, berriz, 2013koa (41 milioi). Lizentzien erosketan eginiko gastuak baldintzatzen du gastua, besteak gutxi aldatzen direlako.

Gobernuaren enplegatuen zerrendan informatika arloko 159 lanpostu daude, eta 135 daude beterik. Langileriaren iazko gastua 6,4 milioi izan zen. Kontuen Ganberak dioenez, azken urteotan murriztu egin da langile propioen kopurua.

Enpresa publikoei eginiko enkarguak ere gutxitu egin dira azken urteotan: 2012an 17 milioi gastatu zen, eta iaz 10 milioi. Enkargu horiek bi enpresak egiten dituzte: Nasertic (ehuneko 65) eta Tracasak (ehuneko 35).

Laguntza kontratuetan 6,2 milioi gastatu zen iaz. Gehienak bost enpresaren artean banatzen dira. Hornidura kontratuak (lizentzia eta ordenagailuen erosketa, batez ere) jaitsi egin dira: 2013an 8,6 milioi gastatu ziren, eta iaz 600.000 euro besterik ez.

Kontratu eta enkarguen esleipenak legediak agindutakoaren arabera egin dira.

Kontuen Ganberak Microsoft-ek eginiko ikuskapen-lana ere gogoratzen du: Gobernuak 6.200 produktu zituen kontratatuta, 12.000 erabiltzen baitzituen ere. Egoera konpontzeak gastu handia ekarri zuen, Gobernuak lizentziak erostea erabaki eta lau milioiko inbertsioa egin behar izan zuelako.

Laburbilduz: informatikak gero eta garrantzi handiagoa hartu du Foru Administrazioaren kudeaketan. Gobernuak enpresa pribatu eta publikoen esku utzi du, neurri handi batean, horren ardura. Kontuen Ganberak azpimarratzen duenez, kudeaketan hain garrantzitsua den arlo honetan enpresekiko menpekotasun handia dago, informatikaren kontrola eta ezagupena ez baitago Administrazioaren barnean, kanpoan baizik.