Skip to main content

ASOCEX

2015/12 Foru ogasunak Osasunarekin izaniko harremanak eta taldearen zorra kitatzeko 26/2014 Foru Legearen aplikazioa

Argitalpen data

Nafarroako Kontuen Ganberak Ogasun Departamentuaren eta Osasun futbol taldearen arteko harremanak aztertu ditu gaur Parlamentuan aurkezturiko txostenean. Iazko abenduan Osasunaren zorraren zati nagusia kitatzeko onartu zen foru legeak aurreikusia zuen txostena. Orduan, Nafarroako Gobernuak zein Parlamentuak lan hori egiteko eskatu zioten Kontuen Ganberari.

Parlamentuaren eta Gobernuaren eskaera 2005-2014 epera mugatzen bazen ere, Kontuen Ganberak 2015eko lehen hilabeteetan izaniko harremanak ere aztertu ditu. Horrela, legearen aplikazioa ere aztertzeko aukera izan du.

Txostenaren helburuak honakoak dira: Osasunaren zorra zehaztu, azken hamar urteotako bilakaera aztertuz; Nafarroako Ogasunak Osasunarekin izan duen harremana aztertu, batez ere zorra kobratzeko eginiko ahaleginari dagokionez: eskaerak, interesak, errekarguak, zigor, atzerapen eta zatikapenak; ordaintzeko dagoen zorra zenbatu, behin Gobernuari emaniko ondasunen balioa kendu ondoren; eta legeak zehazten dituen gainerako eskakizunez iritzia eman.

Osasuna zerga ordaintzaile pribatua izanik, Kontuen Ganberak baimena eskatu dio datu horiek guztiak publiko egiteko.

Osasunaren zorra eta zorraren bilakaera

Nafarroako Gobernuak apirilean emaniko datuen arabera, Osasunak Ogasunarekin zuen zorra 52,5 milioikoa zen. Kontuen Ganberak ontzat ematen du kalkulua. Zorraren zati gehiena PFEZ eta BEZ zergen ondorioa da, eta 6,5 milioi interes eta errekarguengatik.

Txostenak dioenez, azken urteetan Osasunaren finantza egoerak okerrera egin du eta egoera are larriago bihurtu zen taldea bigarren dibisioa jaitsi zelarik, telebista eskubideei esker jasotakoa nabarmen murriztu zelako.

Azken urteotako kontuak aztertuta, Kontuen Ganberaren ondorioa hauxe da: Osasunaren finantziazioa bi zutabetan oinarritu da. Batetik, bankuei eskaturiko maileguak eta, bestetik, Ogasunari ordaintzen ez ziona.

2003an, Osasunak zor guztiak kitatu zituen. Izan ere, orduan Gobernuaren abal bat behar zuen 18 milioiko mailegua eskatzeko, eta zorra kitatzea ezinbestekoa zuen horretarako. Geroztik, Osasunak uko egin zion zegokiona ordaintzeari, eta Ogasunarekin zuen zorra handitzen ari zen. Kirol erakunderen batek zergetan zorrik ez zuela frogatzeko eskatzen zionean, Ogasunarekin harremanetan jarri eta atzerapena eskatzen zuen, agiria lortzeko asmoz. Horretarako, ondarea aurkezten zuen bermetzat, bankuek hipotekatua bazuten ere.

Ogasunak atzerapen horiek onartu egiten zituen, beste aukerak okerragoak zirelakoan: ez kobratzea edo Osasunaren ondasunak hartzea.

2005etik 2014ra, Osasunak 50 milioi ordaindu zizkion Ogasunari. Zenbateko hori ordaindu beharrekoaren erdia da. Azken urteetan, ahalegin handiagoa egin zuen zergak ordaintzeko. Aipagarria da, alde horretatik, 2013. urtea, 12,5 milioi ordaindu baitzituen. Iaz 7, milioi ordaindu zituen.

2012tik, Osasunako arduradunak Ogasunarekin akordio bat egiten saiatu ziren. Taldea bigarren dibisiora jaistean, Batzorde Kudeatzaileko kideek parlamentariengana jo zuten soluzio bila, eta hortik atera zen iazko abenduan onarturiko foru legea.

Osasunaren zorra kitatzeko foru legea

UPN, PSN eta PP taldeek Osasunaren zorra kitatzeko foru legea bultzatu eta onartu zuten. Horren ondorioz, Osasunak bere ondarea Gobernuaren esku utzi behar zuen. Ondasunen balioa zor osoa baino txikiagoa denez, gainerakoaren ordainketa atzeratzea hitzartu zen, gehienez 30 urtez. Gainera, Gobernuak lau milioiko abala eman zion Osasunari, eta Sadar eta Taxoareko futbol zelaiak erabiltzeko aukera, hori ere 30 urtez.

Kontuen Ganbera kritika egin dio legeari, hainbat arrazoirengatik: batetik, zerga ordaintzaile zehatz baten egoera konpontzeko onartu izana hori pribilegiotzat har daitekeelako, gainerako zerga ordaintzaileei ez baitzaie horrelakorik eskaintzen.

Bestalde, legeak ez zuen Nafarroako Zerga Agentziaren parte hartzea aurreikusi Osasunaren ondasunen balioa finkatzerakoan, organoak balioztatzeak egiten dituen atal bat badu ere.

Zerga Agentziak, gainera, Osasunaren ondasunen balioaz azterketa bat egina zuen, zerga irizpidetan oinarriturik. 2014ko urrikoa da eta 30,6 milioitan finkatu zuen ondarearen balioa. Osasunak enpresa bati eginarazi zion azterketak, berriz, 43 milioitan finkatu zuen ondasunen balioa.

Enpresa pribatuak merkatuaren irizpideak erabili omen zituen, eta Osasunaren lur sailetan egin zitekeen etxebizitza babestuen promozioa ere kontuan hartu zuen. Hortik dator bi azterketen arteko aldea.

Orain artekoak ez dira legeari egiten zaizkion kritika bakarrak. Izan ere, legeak Osasunaren ondasun guztiak Gobernuaren esku geldituko zirela agindu arren, bat zerrendatik kanpo gelditu da.

Gobernuak bereganatu dituenak honakoak dira: El Sadar futbol zelaia, zelaiaren aitzinean dagoen lur sail bat, Taxoareko futbol zelaiak, Taxoareko lur sail bat, industrialdea izateko aukera duena; eta, azkenik, Iturramako bi etxebizitza.

Zerrendatik kanpo gelditu dena Taxoareko igerileku eta kiroldegia hartzen dituen lur saila da. Zerga Ogasunaren arabera, bost milioiko balioa du eta enpresa pribatuaren arabera lau milioikoa. Ondoren, Osasunak berak Gobernuaren alde hipotekatu zuen, lau milioiko abala lortzeko.

Zorra ordaintzeko modua

Osasunak zor dituen 52,8 milioitik, 43,5 ordaindurik leudeke Gobernuari emaniko ondasunei esker. Kontua da, ondasun batzuk batzuk hipotekaturik daudela eta, beraz, Gobernuak benetan jasotakoa 32 milioi da. Beraz, Osasunak 20 milioi zor dizkio Ogasunari. Zorra ordaintzeko modua bikoitza da: batetik, hipotekaturik dauden ondasunak libre geldituko dira Osasunak bankuei zor diena ordaindu ahala; bestetik, Gobernuak portzentaje bat jaso du telebista eskubideetatik eta jokalarien salmentatik. Kontuen Ganberak dioenez, azken diru-iturri hori zalantzazkoa da.

Abalak

Gobernuak 11 milioiko abalak eman dizkio Osasunari. Horren berme nagusiak dira aipaturiko lur sailaren hipoteka eta Osasunak etorkizunean lor ditzakeen ondasunak. Kontuen Ganberaren aburuz, abal horiek Ogasunaren egoera kaltetzen ahal dute, futbol taldearen finantza egoera ikusita.

Bestalde, Osasunak ordaintzeko duen zorra 30 urtez luzatzeak ez du bermerik ematen. Kontuan hartzekoa da bankuentzat Gobernua dela abal-emailea, eta maileguak bermatzen dituzten ondasunak ere Gobernuarenak direla. Zorraren beste zati bat balizko diru-sarreren bidez bermatzen da: telebista eskubideak eta jokalarien salmentak. Deus zehatzik ez, beraz.

Azkenik, Kontuen Ganberak dioenez, Gobernuak kalte ekonomikoa jasan dezake Osasunak beste batzuekin dituen betebeharretan huts egiten badu. Halaber, legeak ez du zehaztu nork ordainduko dituen etorkizuneko inbertsioak. Hala ere, El Sadar eta Taxoareko kiroldegien alokairu-kontratuan argitu da kontua, klausula batek baitio Osasunak ordainduko lituzkeela.