Skip to main content

ASOCEX

1999/09 Forutzaintza (1998)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

1999/09 Forutzaintza (1998) ()

Nafarroako Kontuen Ganbarak Foruzaintzari buruzko txostena kaleratu du. Txostenak Foruzaintzaren gastu eta dirusarrerak, barne kontrolerako sistemak eta poliziaren eraginkortasuna aztertzen ditu.

Kontuen Ganbarak emaniko datuen arabera, Foruzaintzaren iazko gastuak 2.484 milioikoak izan ziren. Dirutza horretatik zati handiena (1.900 milioi) polizien soldatetan gastatu zen, 357 milioi ohiko gastuetan eta 207 milioi inbertsioetan. Iazko abenduan Foruzaintzan 447 lagun ari ziren lanean, 140 trafikon, 131 edifizioak babestuz eta 63 agintarien bizkarzain.

Txostenak dioenez, barne kontrolerako prozedurak, oro har, errekurtsoen kontrolerako egokiak dira, baina bai antolaketa orokorra eta baita barne kontrola ere hobetu beharra azpimarratzen du, hiru arlotan bereziki: langileria, ohiko gastuak eta inbertsioak.

Foruzaintzan hobetu behar diren gauzen artean prestakuntza fisikoa azpimarratu behar da. Izan ere, prestakuntza fisikoa foruzainentzat oso garrantzitsua izanagatik, gaur egun banaka egiten da, gimnasio pribatu batean eta kontrolik gabe. Kontuen Ganbararen iritziz, prestakuntza fisikoa beste modu batera antolatu beharko litzateke merezi duen inportantzia emanez, alegia, Foruzaintzaren instalazioetan eta teknikoen zuzendaritzapean.

Langileriari dagokionez, indarrean dagoen arauteria hainbat dekretu eta akordiotan dago eta txostenak dioenez batu beharko litzateke Foruzaintzaren behin betiko estatutuan.

Kontuen Ganbararen iritziz, autoen konponketaren gaineko kontrola ez da behar bezain egokia eta autoak erosteko programazioa ere hobetu behar da. Halaber, obren proiektuetan kontrola desegokia dela dio txostenak.

Foruzaintzaren eraginkortasuna edo efikaziari dagokionez, Kontuen Ganbarak dio ezin dela azterketa seriorik egin Poliziak berak ez duelako emaitzak neurtzeko xede zehatzik. Hau dela eta, Kontuen Ganbararen aburuz beharrezkoa da Foruzaintzaren talde bakoitzean xede zehatzak finkatzea eta beroiek neurtzeko sistemak ere sortzea. Kostuen kontrolerako sistema ere ez da sortu eta txostenaren arabera, kostuak gutxitzea posible litzateke aldez aurretik planifikazio egokia eginez gero.

Barne kontrola hobetzeko ematen dituen gomendioa zehatzak alde batera utzita, Kontuen Ganbarak uste du Foruzaintza behar bezala antolatzeko, deus egiten hasi baino lehen, Nafarroan nahi dugun polizi mota zein den argitu behar dela, gainerakoa horren araberakoa izanen baita. Bestalde, Kontuen Ganbararen ustez, Diputazioak Estatuarekin komenioa negoziatu beharko luke Foruzaintzaren konpetentziak zehazteko, batez ere trafiko eta polizi judizialarenak, horiek espaniar polizien zein Foruzaintzaren esku baitaude.