Skip to main content

ASOCEX

2000/07 Hidrokarburo, tabako, electrizitatea eta aseguruen ordain-sarien gaineko zergen kudeaketari buruzko txostena

Argitalpen data

Nafarroako Kontuen Ganbarak hidrokarburo, tabako, elektrizitatea eta aseguruen ordain-sarien gaineko zergen kudeaketa aztertzen duen txostena argitaratu du. Nafarroako Ogasun Departamentuak duela bi urte hartu zuen bere gain aipaturiko zergen gaineko kudeaketa, Estatuarekiko hitzarmena azken aldiz negoziatu zenean, hain zuzen.

Kontuen Ganbararen txostenak emaniko datuen arabera, iaz Gobernuak 42.000 milioiko dirutza bildu zuen lau zerga horiei esker. Aipatzekoa da zerga horiek dirutza handia ematen badute ere, zergaordaintzaileak oso guti direla. Iazkoa datuen arabera, hidrokarburoen zerga da guztietan garrantzitsuena bilduriko dirutzari dagokionez. Izan ere, iaz zerga horri esker Diputazioak 28.000 milioi baino gehiago lortu zituen. Tabakoa da sailkapeneko bigarrena (10.490 milioi), elektrizitatearen gainekoa hirugarrena (2.033 milioi) eta aseguruen ordain sarien gainekoa laugarrena (1.673 milioi).

Txostenak dioenez, iazko dirusarreren kitapenak ongi islatzen du eginiko iharduera ekonomikoa eta, halaber, hura indarrean dagoen legedia betez burutu zen.

Nafarroako Gobernuak zerga hauen kudeaketa duela guti hartu duenez, orain arteko lanik garrantzitsuenak kudeaketa errazteko administrazio sistemak martxan jartzea izan da. Alde horretatik, Kontuen Ganbarak uste du, ahal den neurrian, hasierako lan horiek arindu behar direla, batez ere zergaordaintzaileen erroldak eta tabakoaren zerga-gordailua. Izan ere, tabakoaren gaineko zergaren kudeaketa bere gain hartuagatik, Nafarroan oraindik ez dago zerga-gordailurik eta, beraz, Gobernuak ez du dirurik biltzen. Horregatik, Nafarroari zergagatik dagokion dirutzaren kobrantza Estatuarekiko hitzarmenaren kontu-garbitzetan egiten da, zergaren kudeaketa Estatuaren esku zegoen bezala.