Skip to main content

ASOCEX

1999/14 Iruñeko Udala (1998)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

1999/14 Iruñeko Udala (1998) ()

Nafarroako Kontuen Ganbarak Iruñeko Udalari buruzko fiskalizatze txostena kaleratu du. Txostenak aurrekontu betetzea, ondare egoera, legezkotasuna, azken txostenean eginiko gomendioen betetzea eta udalaren egoera ekonomikoa aztertzen ditu. Datu guztiak 1998koak dira.

Txostenak dioenez, 1998an Udalak 17.000 milioi gastatu eta 21.000 milioi bildu zituen. Datu hauei erakunde autonomoenak gehitu behar zaizkie, alegia, Hirigintza Gerentzia eta haur eskolenak. Lehenbizikoak 1.650 milioiko gastuak eta 2.200 milioiko dirusarrerak izan zituen eta eskolek 520 milioi gastatu eta 432 jaso zituzten. Iruñeko Udalak eta haren erakunde autonomoek 1.578 langile dituzte.

Iruñeko Udalak aurkezturiko aurrekontu betetzeak ongi islatzen du 1998an eginiko jarduera ekonomikoa. Dena den, txostenak barne kontrola hobetzeko beharra azpimarratzen du, batez ere interbentzio edo kontu-hartzailetzan.

Legezkotasunari dagokionez, Kontuen Ganbararen txostenak dioenez udalaren jarduera ekonomikoak indarrean dagoen legedia errespetatu egiten du.

Azken txostenean eginiko gomendioak zenbateraino bete diren ere aztertu da. Alde horretatik, txostenak aurrekontuen koordinazioan, kontu-hartzailetzaren garapenean eta kostuen gaineko ikerketetan aurrerapauso nabarmenak egin direla azpimarratzen du.

Nafarroako Kontuen Ganbararen txostenak Iruñeko Udalak hobetu behar dituen gaiak ere agerian utzi ditu. Horien artean departamentu edo arloen arteko koordinazio falta da larrienetakoa. Esan bezala, aurrekontu kudeaketan aurrerapausoak egin dira baina koordinazio faltak udalaren kudeaketa oztopatu egiten du. Kontuen Ganbararen iritziz koordinazio handiagoa beharko litzateke sailetako zerbitzu juridikoen artean eta prozedurak, espedienteak...batu beharko lirateke.

Iruñeko Udalak, Kontuen Ganbarak eginiko gomendioa kontuan hartuz, kontu-hartzailetza indartu egin du baina orain arte eginikoa ez da aski. Txostenak fiskalizazio eta barne auditoriaren prozesu osoa arautegi batean biltzea proposatzen du. Aipatu arautegiak kontu-hartzailetzaren prozedura eta jarduera guztiak batu beharko lituzke.

Kontuen Ganbarak langileriaren egoera ere aztertu du. Txostenak emaniko datuen arabera, Iruñeko Udalak 7.590 milioi gastatu zituen langilerian, gastu guztien ehuneko 44. Txosten honetan goi kargudunen soldaten azterketa berezia egin da: alkatearen eta zinegotzi delegatuen soldatak eta zinegotziendako dietak. Zenbateko osoa 75 milioikoa da.

Txostenak dioenez, Udalak ez ditu PFEZren (pertsona fisikoen gaineko errentaren zerga) atxikipenak behar bezala egiten. Izan ere, atxikipenaren portzentai bat erretentziorik gabe gelditzen da. Portzentaiak ehuneko 30 da alkatearen eta zinegotzi delegatuen soldatetan. Neurria 1993an onartu zuen Udalak, kenketa gastuei aurre egiteko zela argudiatuz.

Kontuen Ganbarak desegokitzat jotzen du aipatutako kenketa egitea soldata mota guztiei PFEZ aplikatu behar zaielako eta, gainera, kasu honetan ez dago aitzakiarik alkatearen eta zinegotzi delegatuen gastu guztiak beste diru-sail batzuren bidez ordaintzen direlako.

Udalaren egoera ekonomikoaz iritzi positiboa ematen du txostenak. Izan ere, azken urteotan egoera nabarmen hobetu da. Kontuen Ganbarak ematen dituen datuak horren froga garbia dira. Udalak zorra gutxitu eta aurrezki garbiaren datuak hobetzea lortu du azken hiru urteotan. Gaur egun Iruñeko Udalaren zorra 8.200 milioikoa da, ehuneko 5koa, eta iazko abenduaren amaieran 8.217 milioiko gerakin positiboa zuen.

Egoera ekonomikoa, beraz, nabarmen hobetu da azken urteotan eta horretan eragin garrantzitsua izan dute ondorengo zirkunstantziek: bidegarritasun plana bete egin da, kobrantzaren kudeaketa hobetu da, zergen bidezko dirusarrerak handitu dira eta Capitalidad edo Hiriburutasun Legeak ere eragin handia izan du hari esker ia 2.000 milioi lortu baitira. Lur sailen desjabetzari esker lorturiko etekinak ere oso inportanteak izan dira Udalaren egoera ekonomikoa hobetzeko.

Azken urteotan behin eta berriro egin duen bezala, Kontuen Ganbarak Hirigintza Gerentziari bere egoera finantzieroa behingoz argitzeko eskatzen dio. Udalaren erakunde autonomoaren kontuak ez daude garbi Gerentziak ez duelako urbanizazio obren behin betiko kitapena egiten, Kontuen Ganbarak gomendio hori behin eta berriro errepikatu badu ere. Txostenak dioenez, gaia lehen bait lehen argitu beharko litzateke behin betiko kitapenak eragin ekonomikoa izan bait dezake diru publikoetan, Udalaren kontuetan hain zuzen.