Skip to main content

ASOCEX

2000/22 Iruñeko Udala (1999)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2000/22 Iruñeko Udala (1999) ()

Nafarroako Kontuen Ganbarak Iruñeko Udalari buruzko txostena argitaratu du. Txostenak 1999ko aurrekontu betetzea, ondare egoeraren isla, legezkotasuna eta Udalaren finantza-egora aztertzen ditu. Halaber, Kontuen Ganbarak aurreko txostenetan emaniko gomendioak zenbateraino bete diren aztertu du.

Kontuen Ganbarak emaniko datuen arabera, Udalak 21.859 milioi gastatu zituen iaz eta 21.429 milioi bildu. Txostenak dioenez, aurrekontu-kitapenak ongi islatzen ditu urteko gastu eta diru-sarrerak. Ondare egoerari dagokionez, egoera-balantzeak ongi islatzen du, baina bada salbuspenik: finantza-egoerak ez dituela kontuan hartzen udal funtzionarioen pentsio-sistemak eragindako betebeharrak.

Legezkotasunari buruzko azterketan ere Kontuen Ganbaran ez du arazo larririk aurkitu, Udalak indarrean dagoen legedia bete egiten baitu.

Aurreko txostenetan eskainiriko gomendio batzuk bete egin dira. Horien artean, aurrekontu sailen arteko koordinazioa, Kontu-hartzailetzaren egokipena eta kostuen gaineko azterketak. Hemendik aurrera hobetu beharrekoen artean, bi dira nagusiak: kudeaketaren koordinazioa hobetzea eta aurrekontu sistema aldatzea. Aurrekontu sistema berriak helburu garbiak eta neurgailuak finkatu behar lituzke, udal kudeaketaren eraginkortasuna aztertu ahal izateko.

Udalaren finantza-egoerari dagokionez, urte amaieran Udalak diruzaintzako gerakin positibo handia izan zuen: 8.000 milioi. Dirutza horretatik erdia inbertsioetarako konprometiturik zegoen. Epe luzerako zorra 7.000 milioikoa zen eta aurrezki garbia ehuneko 12. Kontuen Ganbararen iritziz, datu horiek udalaren finantza-egoera ona erakusten dute, batez ere aurreko urteko datuekin alderatuz gero.

Udalaren egoera ekonomikoa aztertu ondoren Kontuen Ganbararen konklusio nagusia hauxe da: bidegarritasun planaren helburuak bete egin dira. Ohiko dirusarrerak aski izan ziren funtzionamendu gastuei eta finantza-zamari aurre egiteko eta, gainera, 2.000 milioiko dirutza gelditu zen inbertsioen finantziaziorako. Mendillorri Iruñean sartzeak gastuak handitu egin zituen baina dirusarrerak uste baino handiagoak izan zirenez, Udalak etzuen arazorik izan horri ere aurre egiteko.

Horrekin batera aipatzekoa da Ley de Capitalidad izeneko legeari esker 2.000 milioiko dirutza jaso zuela eta Nafarroako gobernuak beste 5.462 milioi eman zizkion udal finantziaziorako duen fondotik. Aipatutakoari esker, Udalak inbertsioak zor handiagorik hartu gabe finantzatu zituen.

Laburbilduz, Kontuen Ganbararen ustetan Iruñeko Udalak ongi kudeatzen du aurrekontua, baina kudeaketa sistema hobetu daiteke. Horretarako gerente bat izendatzea komenigarria litzateke. Izan ere, lanpostu hori sortuz udal sailen arteko koordinazioa nabarmen hobetu liteke. Bestalde, txostenak aurrekontu sistema egokitzeko premia ikusten du. Sistema berriak helburu argi eta neurgailu egokiak eskatzen ditu, bestela ezinezkoa baita kudeaketaren eraginkortasuna aztertzea. Kontu-hartzailetza ere indartu egin behar da zenbait arlotan (langileria, dirusarrerak, erakunde autonomoak eta enpresa publikoak).

Azkenik, Kontuen Ganbarak gastuetan zuhur jokatzen segitzeko aholkua azpimarratzen du, finantza-egoerak bide onetik segi dezan.