Skip to main content

ASOCEX

2016/31 Iruñeko Udala (2015)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2016/31 Iruñeko Udala (2015) ()
Nafarroako Kontuen Ganberak Iruñeko Udalaren iazko kontuak aztertu ditu. Txostenak 2015eko kontuak, legezkotasuna eta finantza egoerari buruzko iritzia ematen du. Kontuen Ganberak azken txostenetan eginiko aholkuen jarraipena ere egin du.

Iruñeko Udalak bi erakunde autonomo ditu (Hirigintza Gerentzia eta Haur Eskolak), bost enpresa publiko (Comiruña, Mercairuña, Animsa, Pamplona Centro Histórico eta Asimec) eta Gaiarre Fundazioa. Miserikordi Etxean ere parte hartzen du, nahiz eta erakunde pribatua izan. Txostenak udalaren eta aipaturiko guztien datuak ematen ditu.

Erakunde autonomoen datuak ere kontuan hartuz, Iruñeko Udalak 193 milioi gastatu eta 200 milioi bildu zituen. Aurreko urteko datuekin alderatuz, gastuak %0,6 besterik ez ziren handitu; diru-sarrerak, berriz, %3,4 igo ziren.

Udal langileria, 2015eko amaieran, 1.696 lagunek osatzen zuten: 1.450 udalekoak, 220 udal eskoletan eta 26 Hirigintza Gerentzian.

Udalaren gastu nagusia langileriarena da: 84 milioi; bigarrena, ohiko gastu eta zerbitzuak: 63 milioi. Udalaren inbertsioek 15,5 milioi egin zuten, aurreko urtean baino hiru milioi gehiago. Ohiko transferentzietan 15 milioi inguru gastatu zen.

Diru-sarrerei dagokienez, ohiko transferentzien bidez 97 milioi bildu ziren; zuzeneko zergen bitartez, 53 milioi; eta tasa eta prezio publikoei esker, 31 milioi.

Funtzionamendu gastuak eta finantza zama ordainduta, Udalak eta haren erakunde autonomoek 14,6 milioiko aurrezkia lortu zuten, aurreko urtean baino 1,8 milioi gehiago.

Zorrari dagokionez, 94 milioikoa da, eta horretan ere hobetu egin da, aurreko urtekoa baino zortzi milioi txikiagoa baita. Diruzaintzako gerakina ere hobetu da, 10,5 milioitik 13,4 milioira igo baita.

Udalaren kontu orokorrak ongi islatzen ditu ondasun eta finantza egoera, eta baita urte amaierako emaitza ere. Dena den, bi salbuespen aipatzen dira. Horietakoa da Nafarroako Gobernuak udal suhiltzaileen pentsioak finantzatzeko behar baino gehiago ordaindu diola udalari. Langileen montepioari dagokio bestea, horrek sortuko dituen gastuak ez baitira balantzean islatu.

Iruñeko Udalak bete egin ditu aurrekontu-egonkortasuna eta finantza-iraunkortasunerako helburuak.

Azkenik, betetzeko dauden gomendioei dagokienez, bi azpimarratzen dira: balorazio-ponentzia berria egitea, katastroen balioak gaurkotzeko; eta barne kontrola hobetzea, Kontu-hartzailetzaren eta Langile arloaren arteko koordinazioa hobetuz.