Skip to main content

2025/21 Iruñeko Udalaren kontu orokorra, 2024

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2025/21 Iruñeko Udalaren kontu orokorra, 2024 (
3,82 MB
)

Kontuen Ganberak Iruñeko Udalaren 2024ko kontuei buruzko txostena argitaratu du. Udalaren finantza egoera ona dela azpimarratu du, baina funtzionamendu gastuak ohiko diru-sarrerak baino gehiago handitzen ari direla ohartarazi du.

2024an, Iruñeko Udalak eta haren erakunde autonomoek (Haur Eskolak eta Udalaren Hirigintza Gerentzia) 296 milioi gastatu eta 262 bildu zituzten.

Gastuetan langileriarenak dira nagusiak: 133 milioi. Ohiko ondasun eta zerbitzuen gastuak 89 milioi izan ziren. Eta inbertsioetan 45 milioi gastatu ziren. Horietatik 37 Iruñeko Udalari dagozkio, eta gainerakoa haren erakunde autonomoei.

Langileriari dagokienez, Iruñeko Udalak 1.641 lanpostu ditu; horietatik 1.282 funtzionarioak dira, 329 kontratupekoak eta 30 aldi baterako langileak. Plaza horietatik 473 hutsik daude eta gehienak aldi baterako kontratuen bidez betetzen dira. Aldi baterako kontratazioaren indizea hamar puntu jaitsi da 2023koarekin alderatuta: %33tik %23ra.

Aurreko urteko datuekin alderatuz, inbertsioak %84 igo ziren. Nabarmentzekoa da Bigarren Zabalguneko Civivox, hamar milioi euroko inbertsioa baita; horietatik zazpi iaz gastatu ziren. Gainerako inbertsio garrantzitsuenak oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbidea (6,5 milioi), Buztintxuriko kiroldegia (2,3 milioi) eta San Pedro taldeko etxebizitzen eraberritzea (1,8 milioi) izan ziren.

Diru-sarrerei dagokienez, ohiko transferentzien bidez 129 milioi lortu ziren, zuzeneko zergen bitartez 55 milioi, tasa eta prezio publikoei esker 29 milioi eta zeharkako zergen bidez 11 milioi.

Next Generation funtsak ere aipatzen dira. 2021tik 2024ra, udalari 43.7 milioi eman zitzaizkion. Horietatik, 31.5 kobratu ditu eta 40 gastatu. Proiektu garrantzitsuenak emisio gutxiko eremuekin, turismo jasangarrirako planarekin, bidegorriak sortzearekin eta mugikortasuna hobetzearekin lotuta daude.

Finantza-egoera ona

Txostenak adierazle ekonomiko gehienen bilakaera ona aipatzen du. Aipatzekoa da, alde horretatik, aurrezki garbia 9 milioikoa izan zela; eta diruzaintzako gerakina, 26 milioikoa. Zorra jaitsi egin zen, 32 milioiraino.

Hala ere, txostenak azpimarratzen du, funtzionamendu gastuak sarrera arruntak baino gehiago ari direla igotzen, eta hori ez dela gomendagarria finantza egoera ona bermatzeko. Izan ere, iaz funtzionamendu gastuak (%14) sarrera arruntena (%7) baino bi aldiz handiagoa izan zen.  

Udalaren kontu orokorrak azterturik, Kontuen Ganberak dio ongi islatzen dutela ondarea, aurrekontu emaitza eta emaitza ekonomikoa. Legezkotasunaren gaineko iritzia ere aldekoa da, arlo horretan bi salbuespenekin: epea amaitua zuten kontratuetan gastaturikoa (17 milioi) eta behar ez bezala izapidetutako kopuru txikiagoko kontratuak (2.6 milioi).

Gomendioei dagokienez, txostenak hiru azpimarratzen ditu: informatikako arduraduna izendatzea, barne kontrola bultzatzea eta kontratuen lizitazioa behar bezala planifikatzea, kontratuen epea ez gainditzeko.