Skip to main content

ASOCEX

2018/16 Iruñerriko Garraioaren Hiria (1991-2017)

Argitalpen data

Nafarroako Kontuen Ganberak Iruñerriko Garraioaren Hiriari buruzko txostena argitaratu du. Txostena Parlamentuaren eskariaren ondorioa da, Podemos-Ahal Dugu taldeak bultzatuta.

Txostenak honakoa aztertu du: proiektuaren garapena, lur-sailen desjabetzea, kudeaketa sistema, inbertsio publikoak eta azpiegituraren betetze maila.

Kontuen Ganberak gogoratzen duenez, Garraioaren Hiria 1991n sortu zen, merkantzia-garraioaren jarduera guztiak toki batean biltzeko. Bultzatzaileak eremu pribatukoak izan ziren, bereiziki garraio sektoreko patronalak. Hasieran, kapitala  Anet, Tradisna, Merkataritza Ganbera eta Audenasaren esku zegoen. 1993an Gobernuak hartu zuen lidergoa, kide pribatuek uko egiten zieten kapital-zabalkuntzak bere gain hartuz. Horren bidez, kapital soziala guztiz publiko bihurtu zen.

Garraioaren Hiria lau fasetan garatu da. Lehen hirurak egin ondotik, orain laugarrena ari dira birmoldatzen.

Hasiera batean proiektua merkantzien errepide bidezko trafikora mugatu bazen ere, haren zabalkuntzarako onartu zen udalez gaindiko plan sektorialak trenaren sarearekin lotzeko aukera aurreikusi zuen. Dena den, aukera hori bertan behera gelditu da.

Bideragarritasun ekonomikoari buruzko azterketarik ez

Txostenak dioenez, Garraioaren Hiriaren lehen eta bigarren faseetan ez zen azpiegituraren beharrari buruzko txostenik egin, ezta haren bideragarritasun ekonomikoari buruzkorik ere. Ondorengo faseetan, ordea, azterketa batzuk egin ziren.

Garraioaren Hiria kudeatzeko ardura sozietate batek hartu zuen bere gain. 1995era arte pribatua zen, ondoren publikoa. Beti ere, zerbitzu publikoa enpresa pribatu baten bidez ematea zen helburua.

Gaur egun, Nasuvinsa sozietate publikoa da Garraioaren Hiriaren kudeatzailea.

Enpresa pribatua aukeratzeko bi lehiaketa publiko egin ziren: bata 1995ean, lehen bi faseetarako, eta bestea 2006an hirugarren faserako. Eskaintza bakarra aurkeztu zen: SANCOk eta Construcciones GM-k osaturiko aldi baterako enpresa elkartearena. ABEE horrek irabazi zituen bi lehiaketak. Enpresak urbanizazio eta  industria-nabeak zein eraikinak egiteko ardura hartu zuen. Horren truke, Garraioaren Hiria kudeatzeko ardura ere eman zitzaion.

92  milioi desjabetzeetan

Txostenak Garraioaren Hiriari loturiko desjabetze prozesu luze eta gatazkatsua izan dela azpimarratzen du. Urgentzia prozeduraren bidez egin da, eta epaitegietan konpondu da. Izan ere, jabeekin hitzarmenik sinatu gabe egin zen,  Desjabetze Epaitegira joanez. Jabeek, Nafarroako Gobernuak, eta biek zenbait kasutan, epaiarekin ados ez eta Justizia Epaitegietara jo zuten. Auzia Goreneraino heldu zen.

Kontuen Ganberak dioenez, Nafarroako Gobernuak 92 milioi gastatu ditu desjabetzeetan. Desjabetutako lur-sailen metroko prezioen arteko aldea nabarmentzen da, fasea zein den. Horrela, lehen bi faseetan metroko prezioa 12 eta 19 euro bitartekoa da, 2002ko sententzien ondorioz. Hirugarren eta laugarren faseetan, berriz, prezioa 53 eta 57 euro bitartekoa da, 2016ko sententziek aginduta.

Horrez gain, Nafarroako Gobernuak beste 11 milioi gastatu ditu, Garraioaren Hiritik kanpo egon arren, azpiegiturak behar zituen inbertsiotan.  

ABEE adjudikaziodunak eginiko inbertsioak 87 milioi dira: %40 urbanizazio lanetan eta gainerakoa industria-nabeen eraikuntzan.

Inbertsio publikoa: 113 milioi

Txostenak ez du azpiegituraren errentagarritasunaz iritzirik eman, ezta inbertsioak ekarriko duen etekinaz ere. Goiz da horretarako, azpiegitura amaitu gabe dagoelako.

Inbertsio publikoaz, datu bat: 113 milioi gastatu dira, gehiena desjabetzeei aurre egiteko.

Garraioaren Hiriak lorturiko finantziazioa 105 milioikoa da: 74 Nafarroako Gobernuak eta CPEN sozietate publikoak jarriak; gainerakoa, kudeatzailearen jarduera komertzialak emana.

Betetze-mailari dagokionez, lehen bi faseak beteta daude, eta hirugarrenak erdia baino gehixeago du betea. Laugarren faseak birmoldaketa behar du.

Kontuen Ganberak azpiegitura martxan jarri eta garatzeko prozesua oso luzea izan dela azpimarratzen du. Hiru hamarkada iraun du, eta oraindik ez da laugarren fasea zehaztu. Txostenak dioenez, Garraioaren Hiriaren zabaltze-prozesua (3. eta 4. Faseak) ikuspegi oso baikorretik egin zen, aurrekoen betetze-maila ikusita. 2007koa da zabaltze-prozesuaren hasiera eta, jakina denez, orduan krisi sakona hasi zen. Horrek lur-sailen salerosketan eragin handia izan du.

Desjabetze prozesuak kostu handia ekarri dio sektore publikoari, hori ere azpimarratzen da. Eta deigarria ere bada hiria kudeatzeko eskaintza bakarra jaso zela, deialdia ezagutarazteko ahaleginak egin baziren ere.

Kontuen Ganberak zenbait konturen legezkotasuna ere aztertu du: Udalez Gaindiko Plan Sektoriala, desjabetzeak, obren kontratazioa, lur-sailen salerosketa… Konklusioa da hori dena legearen arabera egin dela.

Txostenak gomendio batzuk ere eskaintzen ditu. Horien artean, holako inbertsio handiak hobeki pentsatu eta planifikatu behar direla, sektore publikoak dirutza jartzen baitu. Adjudikaziodunak eginiko obra eta kudeaketaren gaineko kontrola ere hobetu behar da. Azkenik, kudeaketa daraman sozietate pribatuaren zorra ordainarazi behar da. Txostenak dioenez, 8,8 milioikoa zorra zuen iazko amaieran.