Skip to main content

ASOCEX

2015/13 Iruñerriko Mankomunitatea (2011-2013)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2015/13 Iruñerriko Mankomunitatea (2011-2013) ()

Nafarroako Kontuen Ganberak Iruñerriko Mankomunitateari buruzko txosten bat argitara eman du, Parlamentutik hiru eskaera jaso ondoren: bi PPk eginak, eta bestea PSNrena.Hiru eskaerek Mankomunitatearen kudeaketaren hainbat kontu aztertzeko eskatzen zuten: kontuak, langileen soldatak, eta garraio eta hondakinen kudeaketa, besteak beste.

Iruñerriko Mankomunitatea 1982an sortu zen, hainbat zerbitzu kudeatzeko. Gaur egun, 50 udalek osatzen dute. Kudeaturiko zerbitzuak honakoak dira: uraren ziklo integrala, hondakinak, hiri-garraioa, taxi zerbitzua eta Iruñerriko ibai-parkea. Uraren eta hondakinen kudeaketa Mankomunitateak sorturiko enpresa batek egiten du: Servicios de la Comarca de Pamplona.

Langileriaren gastuei dagokienez, Mankomunitateak 523.000 euroko gastua du, banaka batzukbesterik ez baitira hor kokatzen: lehendakaria eta sei funtzionario. Sozietate publikoan dauden gainerako langileen soldatek, berriz, 21 milioiko kostua dute. Guztira 425 langile dira. 72 lanpostu zuzenean ematen zaizkie enpresako langileei, arlo-buru, zuzendari eta arduradun izan daitezen.

Kontuen Ganberak dioenez, langileen soldatak Mankomunitatearen eta sozietatearen hitzarmenaren araberakoak dira.

Hiri-garraioari dagokionez, 2013an 31milioiko kostua izan zuen. Tarifek %56 finantzatzen dute, Gobernuak %24 eta udalek %17. Aipatzekoa da 2011n eta 2012an zerbitzuak defizita izan zuela, krisiak erabiltzaileen kopurua murriztu zuelako.

Tarifek eta administrazioek berdintzen ez duten kostua %3 izan zen duela bi urte, %9 duela hiru eta %11 2011n. Portzentaje hori aurreko urteetako diru-gerakinarekin eta sozietate publikoak energiaren salmentarekin lorturiko diruaz ordaindu zen.

Txostenak sozietate publikoak eskaintzen dituen zerbitzuak ere aztertu ditu: uraren ziklo integrala, hondakinen bilketa eta tratamendua eta Iruñerriko ibai-parkea.

Uraren zikloaren kostua 38 milioikoa da. Zenbateko horretatik, 25 milioi tasa eta prezioekin finantzatzen da: %66. Hondakinen bilketa eta tratamenduan 31 miloi gastatzen dira, eta tarifen bidez 27 milioi lortzen dira: %87. Ibai-parkeari dagokionez, 800.000 euroko kostua du.

Iruñeko salestarren komentuaren salerosketa ere aztertu da. Jakina denez, Mankomunitateak erosi zuen eraikina, egoitza bihurtzeko. 4,5 milioi ordaindu zituen, eta beste 11,5 milioiko gastua aurreikusi zuen konponketa lanetarako. Obra lanak 2013an eta 2014an egitekoak baziren ere, proiektua geldirik dago.

Mankomunitatearen finantza egoeraz ere datu batzuk ematen dira. 2013ko amaieran, 343.000 euroko aurrezkia lortu zuen. Urte amaierako zorra, berriz, 3,4 milioikoa zen. Kontuen Ganberak dioenez, Mankomunitateak eta sozietate publikoak bete egiten dituzte aurrekontu egonkortasuna eta finantza iraunkortasunaren irizpideak.