Skip to main content

ASOCEX

2015/14 Itoiz-Nafarroako Ubidea Fundazioa (2002-2014)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2015/14 Itoiz-Nafarroako Ubidea Fundazioa (2002-2014) ()
Nafarroako Kontuen Ganberak Itoiz-Canal de Navarra Fundazioari buruzko txostena plazaratu du. Fundazioa 2002an sortu eta iaz desagertu zen. Txostena Parlamentuak berak eskatu zuen, EH Bilduren proposamenari jarraituz.

Fundazioa Nafarroako Gobernuak sortu zuen. Gobernuko ordezkariez gain, patronatuko kideak ziren Ebroko Ur Konfederaziokoak eta Agoitz, Artze, Longida eta Orotz-Betelukoak. Ekimenaren helburua zen Itoizko urtegiaren ingurunea babestu eta bertako ekonomiaren hazkundea bultzatzea. Fundazioaren finantzaketa Nafarroako Gobernuaren eta Ebroko Ur Konfederazioaren artean egin da (%54 eta %43, hurrenez hurren). Egoitza Agoitzen zuen fundazioak langile bakarra zuen: kudeatzailea.

Fundazioak 17 milioiko inbertsioa egin du, aurreikusitakoaren %60. Fundazioak berak bultzaturiko proiektuetan honakoak azpimarra daitezke: urtegiaren inguruko ibilaldiak, Agoizko Kultur Etxea, Orotz Betelun turismo eta arrantza arloetan bultzaturiko ekimenak eta Artze eta Longidako ondare historikoan eginiko lanak. Badira, halaber, eremu hori indartu eta ezagutarazteko emaniko diru-laguntza batzuk.

Bestalde, fundazioak 19 milioiko diru-laguntzak eman dizkie udalei hainbat inbertsio lan egiteko.

Fundazioak aurreikusi eta egin gabe utzi dituen inbertsioetan bi nabarmen daitezke: Itoizko kanpina (3 milioi) eta Nagoreko eremu nautikoa (1,3 milioi).

Ebroko Ur Konfederazioak, bere aldetik, 9,3 milioiko inbertsioak egin ditu, horien artean Agoizko igerileku eta frontoia. Bi proiektuotan 3,3 milioi gastatu zituen.

Kontuen Ganberak dioenez, fundazioaren kontuek ongi islatzen dute haren ekonomia-jarduera. Legezkotasunaren gaineko azterketa ere aldekoa da, kudeaketa legearen arabera egin baita.

Azkenik, inbertsioen eraginkortasunari dagokionez, zaila da iritzi argia ematea. Izan ere, plangintzak ez zuen adierazle-sistemarik aurreikusi, helburuak zenbateraino bete diren aztertu ahal izateko. Dena den, herrietako azpiegiturak hobetu dira, udalei tresna batzuk eman zaizkie baliabide naturalak bultzatzeko eta, azkenik, biztanleria Nafarroako bataz bestekoa baino gehiago handitzeaz gain, gaztetu ere egin da.