Skip to main content

ASOCEX

2018/13 Itunpeko ikastetxeek Nafarroako Gobernutik jasotako diru-laguntzak (2012-2016)

Argitalpen data

Kontuen Ganberak itunpeko ikastetxeek jasotako diru publikoari buruzko txostena egin du. Txostena Parlamentuaren eskaera baten ondorioa da, Podemos-Ahal dugu taldeak bultzatuta.

Eskaerak honako gai hauek argitzea nahi zuen: itunpeko ikastetxeei bideraturiko zenbatekoa, bai itunen bidez nola bestelako diru-laguntzen bitartez, arlo fiskalekoak barne; itunpeko ikastetxeen kostuak ere zehaztea nahi zuen, ikastetxe publikoen kostuekin alderatuz; azkenik, Hezkuntza Departamentutik soldata kobratzen zuten erlijio kongregazioetako kiderik edo patronaleko ordezkaririk ote zegoen ere argitzea eskatzen zuen.

Txostenak dioenez, Nafarroan 307 ikastetxe daude: 235 publikoak dira eta 72 pribatuak. 72 horietatik, 38 kongregazio erlijiosoenak dira, 13 ikastola daude (gurasoen kooperatibak), ikastola ez diren beste bi kooperatiba, 9 Gobernuz Kanpoko Erakundeenak eta fundazioenak dira, bi elizbarrutiaren seminario daude eta baimendutako beste sei ikastetxe, itunik eta diru-laguntza publikorik gabeak.

2016an Nafarroako Gobernuak 132 milioi gastatu zituen itunpeko ikastetxeetan, gehiena hezkuntza itunen bidez eta beste zati bat diru-laguntzetan.

Ikasleriaren %38

2016-2017 ikasturtean, ikastetxe publikoek 60.356 ikasle zituzten, eta itunpekoek 36.314. 2012tik ikasleriak gora egin du, %4 handitu da. Bi ereduen arteko banaketa, ordea, berdin mantendu da: publikoak ikasleriaren %62 du eta itunpekoak, berriz, %38.

Gelako ikasle kopurua ere aztertu da, herriak bi taldetan banatuz: 9.000 biztanletik gorakoak, batetik, eta txikiagoak bestetik. Itunpeko ikastetxetan gelako ikasle kopurua handiagoa da, batez ere herri handienetan. Haur Hezkuntzan, esaterako, 25 haur dituzte, eta publikoek 20. Gainerako zikloetan ere berdintsua da diferentzia.

Ikasleen jatorriaz ere badira datu batzuk. Naziotasun espainiarra ez duten ikasleen portzentajea handiagoa da ikastetxe publikoetan (%10) pribatuetan baino (%2,9). Sei ikastetxe publikotan %30etik gorakoa da atzerritarren portzentajea.

Behar bereziak dituen ikasleriaren oreka handia da bi ereduetan, pribatuetan kopuru handixeagoa bada ere. Dena den, behar berezi larrienak dituzten ikasle gehienak ikastetxe publikoetan daude.

Hezkuntza itunak

Txostenak hezkuntza itunen sistema ere aztertu du, hori baita Nafarroako Gobernuaren eta itunpeko ikastetxeen arteko harreman tresna nagusia. Itunpeko ikastetxeak irakaskuntza dohain ematera behartua daude eta gelako gehieneko eta gutxieneko ikasle kopurua ere markatzen zaie. Langileriaren kontratazioan hiru printzipio bete behar dituzte: publizitatea, meritua eta ahalmena.

Nafarroako Gobernuak irakasleen soldata ordaintzen du, eta baita bestelako diru sariak ere: irakasleen ordezkoak, zuzendaritza eta administrazioko gastuak. Itunpeko gela bakoitzagatik zenbateko bat ordaintzen du, 59.000 eurotik (Lehen Hezkuntzako bigarren zikloa) 91.000 eurora (Batxilergoa). Aipatzekoa da Nafarroak Estatuko bigarren zenbateko handiena duela, Euskal Erkidego Autonomoaren atzetik.

Kontuen Ganberak bederatzi itunpeko ikastetxeren egoera aztertu du, ondorengo kontuak argitzeko: matrikulazio prozedurak, harrera, gastuen agiri-euskarriak, langileriaren kontratazioa eta gelako ikasle kopurua.

Aipagarria da langileriaren kontratazioan ikastetxe bakar batek betetzen duela publizitatearen printzipioa: San Fermin Ikastolak. Gainerakoek ikastetxeko iragarki-taulan edo web orrian besterik ez dute langileen kontratazioa iragartzen.

Azterketa horren beste ondorio bat da behar bereziak dituzten ikasleriagatik emaniko diru-laguntza eskasa dela. Horren ondorioz, ikastetxeek beren gain hartu behar dute gastuaren zati bat. Kontuan hartzekoa da, alde horretatik, 2012tik behar berezia duen ikasleria %45 handitu dela. Diru-laguntzak, ordea, %14 gutxitu dira.

Ikastetxe publikoaren eta Itunpekoaren kostuen gaineko azterketa

Azkenik, txostenak bi ikastetxe aukeratu ditu, publikoa bata, pribatua bestea, gastu publikoaren azterketa egiteko. Iruñeko San Juan de la Cadena eta Esclavas del Sagrado Corazón de Jesús dira. Ikaslerian, zikloetan, taldetan eta kokalekuan oso berdintsuak direlako aukeratu dira.

2016-2017ko ikasturtean, ikastetxe publikoaren gastua 2,1 milioi izan zen. Itunpekoak 1,3 milioi jaso zuen Nafarroako Gobernutik. Bien arteko aldea azaltzeko irakasleen soldatak eta lanaldiaren ordu kopuruak kontuan hartu behar dira. Izan ere, ikastetxe publikoan ari direnek gehiago kobratu eta eskola ordu gutxiago ematen dute: 20 ordu publikoetan, 23 pribatuetan.

Txostenaren konklusioa da hezkuntza itunak funtsezkoak direla irakaskuntza eskaintzeko. Horretaz ohartzeko datu bat azpimarratzea aski da: ikasleen %40 itunpeko ikastetxeetan dago izena emanda.

Kontuen Ganberak frogatu duenez, itunpeko ikastetxeei emaniko diru-laguntza justifikaturik dago, eta ikastetxeek aurkeztu beharreko agiri guztiak aurkezten dituzte. Txostenaren arabera, Hezkuntza Departamentuaren kontrolak akats batzuk ditu. Dena den, Departamentua hasia da hutsune horiek konpontzen.

Txostenak bide horretatik segitzeko aholku batzuk ematen ditu: Hezkuntza Departamentuak itunak kontrolatzeko atal berezia sor dezala; urtero, itunpeko ikastetxe batzuk aukeratu eta jasotako agiri-euskarrien gaineko kontrola egin dadila; langileriaren kontratazioa kontrolatu beharra dago, publizitatea, meritua eta ahalmenaren printzipioak betetzen direla bermatzeko; eta behar bereziak dituzten ikasleendako diru-laguntzak handitu behar dira, oraingoak eskasak direlako.