Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian
2024/17 Jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren aurkako bulegoaren kontuak (2023) (Kontuen Ganberak, lehen aldiz, Jardunbide Egokien aldeko eta Ustelkeriaren kontrako Bulegoaren kontuak aztertu ditu. Iaz, Bulegoak 600.000 euroko aurrekontua zuen. Gastua askoz murritzagoa izan zen: 200.000 euro. Horren arrazoia da kontratatzeko aurreikusita zeuden lanpostuak ez direla bete.
Jardunbide Egokien aldeko eta Ustelkeriaren kontrako Bulegoa 2018an sortu zen, Parlamentuak bultzatua, helburu bikoitza lortzeko: iruzurraren aurka borrokatzea eta administrazio publikoetan praktika onen kultura zabaltzea. Edurne Eginoa da Bulegoko zuzendaria, Parlamentuak 2022an aukeratua.
Iaz, Bulegoak 209.000 euro gastu zituen: 132.000 langilerian; 23.000 ohiko ondasun eta zerbitzuetan; eta 53.000 inbertsioetan.
Bulegoak aurkeztu dituen lehen kontuek ongi islatzen dute ondarea eta finantza-egoera. Legezkotasunaz ere, txostenak aldeko iritzia eman du, Bulegoaren jarduera ekonomiko eta finantzarioak legea errespetatzen duelako.
Bulegoko plantillak, zuzendariaz gain, 10 lanpostu ditu, denak funtzionarioak. Iaz, milioi erdiko gatuak aurreikusia zegoen. Printzipioz, lanpostuak beste administrazioetako langileekin bete nahi ziren, leku-aldatzeen bitartez. Ez zen helburua lortu, eta 2023an bi lagun besterik ez ziren aritu: zuzendaria eta komunikazio eta parte-hartze arduraduna.
Gaur egun, hiru lagun ari dira: zuzendaria, zerbitzu buru bat eta administrari bat. Hiru lanposturen deialdia egin da, bi ikuskari eta administrari bat kontratatzeko.
Bulegoaren jardunari dagokionez, iaz 26 salaketa jaso zituen: 9 udal kudeaketari dagozkio; beste horrenbeste informazio eta salaketa kanalik ezari; administrazioetako langileari buruzko salaketa batzuk ere badira.
26 salaketatik, 11 artxibatu egin dira. Hiru ez dira onartu, Bulegoaren eskumenetatik kanpo zeudelako. Batek instrukzio prozedura eragin du, beste batek zigortzeko prozedura eta, azkenik, beste batean Administrazioak gelditu egin du salatutako proiektua.
Txostenak gomendio batzuk eskaintzen ditu, Bulegoaren kudeaketa hobetzen segitzeko: urteko memoria onartu eta Parlamentuan aurkeztea; bete gabe dauden lanpostuak ateratzea; eta aplikazio informatikoa martxan jartzea kontu eta aurrekontuen kudeaketarako.