Skip to main content

ASOCEX

2022/13 Kolaborazio eta laguntza finantzariorako hitzarmena, pandemia garaian enpresa txiki, ertain eta autonomoendako maskarak erosteko

Argitalpen data

Kontuen Ganberak Sodena sozietate publikoak, Enpresarien Elkarteak (CEN) eta Albyn enpresak pandemiaren hasieran maskarak erosteko egin zuten hitzarmenari buruzko txostena argitaratu du.

Txostenak gogoratzen duenez, 2020ko martxoan espainiar gobernuak alarma egoera ezarri zuen. Horren ondorioz, behar-beharrezkoa ez zen jarduera ekonomikoa bertan behera utzi zuen.

Garai hartan, maskarak erostea oso zaila zen. Osasun zentroetan ere arazo larria zuten materiala lortzeko. Horri aurre egiteko, 2020ko apirilean Sodenak kolaborazio hitzarmen bat sinatu zuen Osasunbidearekin eta hiru enpresarekin, Albyn horietako bat, osasun zentroetarako maskarak erosteko. Hitzarmena Gobernuko lehendakaritza ordeak eta Osasunbideak bultzatu zuten. Sodenaren administrazio kontseiluak horretarako baimena eman zuen.

Handik egun gutxira, espainiar gobernuak jarduera ekonomikoari ekiteko baimena eman zuen. Enpresariak-eta Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuari eta Sodenari mezu bat helarazi zioten: maskaren hornikuntza bermatu beharra zegoela. Departamentuak bultzatuta, eta Sodenako administrazio kontseiluaren baimenarekin, Sodenak, CEN-ek eta Albyn-ek hitzarmen bat sinatu zuten enpresendako maskarak erosteko. Helburua zen hornikuntza-bide seguru eta fidagarria lortzea.

CEN-ek enpresen beharrak jaso eta Albyni helarazteko konpromisoa hartu zuen. Enpresak materiala erosi behar zuen. Garai hartan, maskarak erosteko dirua aurreratu behar zen. Horregatik, Sodenak dirua Albyn-ek aurreratzeko konpromisoa hartu zuen. Ondoren, CEN-ek behin betiko eskaera egin eta materiala enpresen artean banatu behar zuen. Albynek faktura CEN-i egin eta enpresarien elkarteak ordaindu behar zuen, enpresei kobratu ondoren. Azkenik, Albynek Sodenari aurreratutako dirua itzuli behar zion.

Hitzarmena sinatu aurreko zirriborroetan beste kontu bat aipatzen zen: material-soberakinik bazegoen, Osasunbideak erabiliko zuen. Osasunbideak, ordea, atzera egin zuen. Haren ustez, akordioak ez zituen behar bezala zehazten enpresen bete-beharrak, ezta CEN-ek hartzen zuen konpromisoa ere. Horren ordez, eranskin bat sinatu zuen. Bertan hartzen zuen konpromisoa mugatua zen: oso kasu zehatz batzuetan erosiko zuen materiala, beti ere gehienez erosketen %10.

Albyn-ek beharren kalkulua jaso zuen: 2.149.752 maskara. Antzeko kopurua erosi zuen: 2.136.700. Bitartekari lan horregatik, 496 euro jaso ditu.

Merkatua normalizatu ahala, maskaren prezioak behera egin zuen. Horren ondorioz, enpresek uste baino askoz maskara gutxiago erosi zituzten: 364.280. Beraz, 1.745.600 maskara saldu gabe gelditu ziren. 1,8 milioi gastatu zen saldu gabeko maskaretan. Oraingo prezioa kontuan hartuz, 126.600 euroko balioa dute. Hitzarmena sinatu dutenen artean, inor ez da maskara kopuru horren arduradun egin.

Biltegian dauden maskaren zati txiki bat (11.520) ezin da erabili, 2022ko abuztukoa baitzuten iraungitze-data. Besteena 2023ko apiriletik 2024ko otsail artekoa da.

Hau dena ikusita, CEN-ek eta CEPEN-ek (Sozietate publikoen taldea) txosten juridiko batzuk eskatu dituzte. Horien konklusioak oso ezberdinak dira. Maskarak merkatura ateratzeko egin diren negoziazioak antzuak izan dira.

                                                                                       Konklusioak

Txostenaren konklusioetan hitzarmena sinatu zen garaiko egoera guztiz berezia aipatzen da. Hitzarmenaren beraren izaera ere konplexua da, eta ezohikoa. Kontuen Ganberaren ustez, tratua egin zuten guztien arteko harremanak ez dira independenteak, elkarri loturik baitaude. Hitzarmena ezin da zatitu, bakarra delako eta horrela interpretatu behar da.

Txostenak dioenez, Sodenak hitzarmena sinatzeko Gobernuari baimena eskatu behar zion. Sozietate Publikoaren ustez, ordea, hitzarmena Gobernuaren 2020ko otsailaren 26ko akordioak babesten zuen. Akordioak baimena eman zion 2020an 10 milioi arteko maileguak emateko. Egoera guztiz ezohikoa hartu behar da kontuan, eta dena gardentasunez egin izana ere.

Egia da hitzarmenak hutsune batzuk dituela. Horietako bat, enpresek ez zutela konpromiso irmorik hartu Albynek erositako maskarak erosteko. Gogoratzekoa da Albynen erosketa enpresen aurreikuspenetan oinarritu zela. Hitzarmenaren ondorioz sor litezkeen arazoak nola konpondu ere ez zen aurreikusi. Eta hitzarmenak ez zuen behar bezala babesten bertan inplikaturik zegoen diru publikoa.

Txostenaren konklusioa da sinatzaile guztiak direla akordioaren hutsunen arduradun. Beraz, erantzukizuna onartu behar dute, bai onarturiko betebeharrei nola hitzarmenak kontuan hartu ez zituen kontuei dagokienez. Soluzio juridiko bakarra ez dago eta, gainera, kaltegarria litzateke auzia epaitegietara eramatea. Hala gertatuko balitz, oraindik erabilgarriak diren maskarak ere galduko lirateke.

Txostenak hiru gomendio azpimarratzen ditu. Batetik, sinatzaileen arteko akordioa eskatzen du. Horretarako norbaiten bitartekaritza izan liteke soluzioa. Biltegian dauden maskarak ahalik eta azkarren ateratzeko ere eskatzen du, iraungitzea saihesteagatik. Eta, azkenik, dei bat egiten dio Sodenari, hemendik aurrerako ekimenetan diru publikoaren babesean ahalik eta zorrotzen joka dezan.