Skip to main content

ASOCEX

2007/24 Maiatzaren 27ko Parlamenturako hausteskundeetako gastuei buruzko txostena

Argitalpen data

Nafarroako Comptos Ganberak maiatzaren 27ko Parlamenturako hauteskundeetako gastuei buruzko txostena ezagutarazi du. Txostenak hauteskundeetan eserlekurik lortu zuten alderdi eta koalizioen kontuak aztertu ditu. Txostena derrigorrezkoa da alderdiek hauteskunde-legeriaren arabera dagozkien zenbatekoak jaso ditzaten.

Lanak bi muga aipatzen ditu: batetik, hauteskundeetako gastu eta dirusarrerak behar bezala fiskalizatzeak alderdien kontuak ere fiskalizatzea eskatuko lukeela, eta hori Madrilgo Kontu Epaitegiari dagokio. Bestalde, Parlamenturako hauteskundeekin batera udal hauteskundeak egin izanak arazoak sortzen ditu, gastuak eta dirusarrerak hauteskunde batzuei edo besteei egozterakoan.

Hauteskunde legeak dioenez, alderdiek 10.458 euro jasotzen dute eserleku bakoitzagatik, 0,84 botu bakoitzagatik eta 0,21 euro botu emaileei igortzen dizkieten zuzeneko publizitate-ale bakoitzagatik.

Txostenak dioenez, Parlamentuan ordezkaritza lortu duten alderdi eta koalizio guztiek kontuak epe barruan aurkeztu dituzte, eta gastuaren mugak ere bete egin dituzte. Halaber, alderdi guztiek argitu dute nondik zetorren hauteskunde gastuei aurre egiteko dirua.

UPN da dirulaguntza handiena jaso duena: 411.000 euro, onarturiko gastu guztien zenbateko bera. Nafarroa Bai koalizioak 282.000 euroko gastuak aurkeztu zituen eta 276.000 jasoko ditu. Nafarroako Alderdi Sozialistari 276.000 euroko laguntza dagokio. CDNk 252.000 euro gastatu eta erdia jasoko du eta, azkenik, Ezker Batuak 275.000 euroko gastua aurkeztu du eta 129.000 euro jasoko ditu.

Nafarroako Gobernuak bi ordainketa egin dizkie alderdiei, dagozkien dirutzaren zati bat aurreratzeko: 2003an jasotakoaren %30 bata, eta gehienezko laguntzaren %45 bestea. Nafar Administrazioak, guztira, 1,2 milioi ordainduko dizkie Parlamenturako hauteskundeetan parte hartu zuten alderdi eta koalizioei. Dirutza hori alderdiek aurkezturiko gastuen %81 da.