Skip to main content

ASOCEX

2012/35 Nafarroako Enplegu Zerbitzua

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2012/35 Nafarroako Enplegu Zerbitzua ()

Kontuen Ganberak Nafarroako Enplegu Zerbitzuari buruzko txostena kaleratu du. Kontuen Ganberak aurreikusia zuen fiskalizazioari Parlamentuak berak eginiko eskari bat erantsi zaio. Izan ere, Nafarroa Bai eta Bildu taldeek bultzaturik, Parlamentuak CEN enpresarien elkarteak eta UGT eta CCOO sindikatuek azken urteotako enplegu planaren barnean eginiko jarduera fiskalizatzeko eskatu zuen.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuan 163 lagun ari dira lanean. Helburu nagusiak honakoak ditu: langile eta langabetuen arreta, langabetuen zerrenda, kontratu eta lan-eskaintzak kudeatuz; eskaera eta eskaintzaren arteko bitartekaritza; enplegua bultzatzea, bereziki arazoak dituzten langile-taldeei lagunduz: langile eta langabetuen prestakuntza; eta, azkenik, lanbide-orientazioa, batez ere lan bila dabiltzanei laguntzeko.

Kontuen Ganberak dioenez, 2005-2010 epean zerbitzuak 414 milioi gastatu zituen: 313 ohiko transferentzietan, 42 langilerian eta 31 kapital transferentzietan. Krisiaren aurkako azken urteotako neurriak direla-eta, zerbitzuaren gastu eta diru-sarrerak handitu egin dira. 2010ean 81 milioi gastatu zituen, eta 38 bildu. 2005eko datuekin alderatuz, gastuak eta sarrerak %28 eta %58 handitu ziren, hurrenez hurren.

Enplegua bultzatzeko jardueren finantzaketa hirukoitza da: Nafarroa, Estatua eta Europa. Lantoki bereziei dagokienez, Nafarroak ordaintzen du kostu osoa. Enplegua sortu eta prestakuntza bultzatzeko gainerako jarduerei dagokienez, Nafarroak %40 ordaintzen du, Estatuak %55 eta gainerako %5 Europak.

2005-2010 epea kontua hartuz, Nafarroak 169 milioi ordaindu zituen, Estatuak 132 eta Europak 13.

Lanbide heziketari dagokionez, bi mota daude: langabetuei zuzendutakoa eta langileei eskaintzen zaiena. Bigarren hau enpresarien elkarteak eta bi sindikatu nagusien esku dago erabat, beste inork ezin baitu ikastarorik eskaini.

2010ean langabetuendako 123 ikastaro egin ziren, 30.000 ordutan emanak eta 1.845 ikasle izan zituzten. Langileendako ikastaroak 1.347 izan ziren, 51.000 ordutan emanak eta 20.500 ikaslerekin.

Kontuen Ganberak dioenez, epaileek ontzat ematen dute Nafarroako Enplegu Zerbitzuan enpresarien elkarteak eta bi sindikatu nagusiek parte hartzea. Dena den, zerbitzuko zuzendaritza organoetan ari den erakunde batek kolaborazio-hitzarmenei oniritzia eman eta, aldi berean, lanbide-heziketarako diru-laguntzen onuraduna izatea saihestu behar litzateke.

Sindikatu eta enpresarien elkarteendako diru-laguntzak

UGT, CCOO eta CENek 61 milioiko diru-laguntza jaso zuten 2008-2010 epean, hiru zati berdintsutan banaturik. UGTk 21,4 milioi hartu zituen, CCOO 20,8 gehi ANAFE fundazioarendako 800.000 euro eta enpresarien elkarteak 18,2 milioi. Zenbateko horretatik gehiena Nafarroako Enplegu Zerbitzua jaso zuten.

Kontuen Ganberak ez du diru-laguntza horien eraginkortasunari buruzko iritzirik eman, helburu eta adierazle garbirik ere ez baitago.

Txostenak biltzen dituen gomendioen artean, aurrekontu-sail horien eraginkortasuna neurtzeko helburu eta adierazleak finkatzea dago. Halaber, prestakuntza-jardueren emaile berriak sartzeko baremoa aldatzeko eskatzen du, bestela ez baita hori posible.