Skip to main content

ASOCEX

2011/06 Nafarroako Kirol Institutua (2009)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2011/06 Nafarroako Kirol Institutua (2009) ()


Nafarroako Comptos Ganberak Kirolaren Nafar Institutuari buruzko fiskalizazio txostena kaleratu du. Txostenak aipaturiko erakunde autonomoaren 2009ko ekonomia jarduera aztertu du.

Txostenak emaniko datuen arabera, Kirolaren Institutuak 25,6 milioi gastatu zituen: ohiko transferentzietan 7,4 milioi gastatu zituen, ondasun eta zerbitzuen erosketan 6 milioi, inbertsioetan 4,7 milioi eta beste horrenbeste kapital transferentzietan. Institutuaren gastuak %12 murriztu ziren aurreko datuekin alderatuz, batez ere kiroldegiak egiteko udalei ematen zaizkien laguntzak gutxitu zirelako.

Institutuak bi helburu nagusi ditu: kirola bultzatzea eta kiroldegiak finantzatzea. Lehenbiziko xedea lortzeko daude, besteak beste, kirol elkarteendako laguntza edo babes-kontratuak, eta federazioei ematen zaizkien diru-laguntzak.

Babes-kontratu zehatzei dagokienez, bost kirol erakundek jaso zuten: Osasuna, San Antonio, Itxako, Xota eta Pilota-Federazioa. Gehien jaso zutenak lehenbiziko biak dira: Osasunak 4,5 milioi eta San Antoniok milioi bat. Biek helburu bera zuten: “Reyno de Navarra” izen turistikoa bultzatzea. Babesaren zenbatekoa finkatzeko Komunikazio arloko zuzendari nagusiaren txostenean oinarritu zen. San Antoniori dagokionez, ez dago zehazturik nola kalkulatu zen laguntza. Aipatzekoa da Osasunak, kontratua sinatu baino hiru hilabete lehenago, Gobernuarekin zuen 18,8 milioiko zorraren ordainketa atzeratzea eskatu zuela.

Kiroldegiak eraiki edo hobetzeko laguntzak 4,7 milioikoak izan ziren, aurreko urtean baino %58 gutxiago. Laguntzak deialdi publikoaren bitartez egin ziren, baina aurrekontuak eztabaidatzen ari zirela, beste zortzi herrik zuzeneko diru-laguntza lortu ahal izan zuten, emendakin bati esker.

Inbertsioei dagokienez, gastaturiko 4,7 milioiak Iruñeko kiroldegi berriari dagozkio. Txostenak dioenez, Nafarroako Gobernuak Sprin enpresa publikoaren esku utzi zituen urbanizazio-lanak eta baita proiektuaren betetzea ere. Sprinek, horretarako ahalmenik ez duenez, lan horiek beste enpresa batzuen esku utzi zituen.

Txostenak gomendio batzuk biltzen ditu Kirolaren Institutuaren kudeaketa hobetzeko. Batetik, diru-laguntza ematerakoan gardentasuna, konkurrentzia eta publizitatea beharrezkoak direnez, Parlamentuan zuzenean onarturiko diru-laguntzak ez dira komenigarriak, horrek aipaturiko irizpideak urratzea dakarrelako. Bestalde, kirol federazioei emaniko laguntzak ematerakoan irizpide garbiak behar dira; eta, azkenik, Sprin enpresaren esku utzitako lanei dagokienez, horrela jokatzeko egokia ote den aztertu behar da, begi bistakoa baita enpresa publikoak ezin duela bete Gobernuak agindurikoa.