Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian
2020/07 Nafarroako Parlamentua (2019) (Nafarroako Kontuen Ganberak Parlamentuko iazko kontuei buruzko txostena argitaratu du.
Nafarroako Parlamentuak iaz 12,3 milioi gastatu zuen. Gastu nagusia langileriarena da (7,4 milioi). Ondorengoak honakoak dira: transferentzi arruntak (2,8), ohiko ondasun eta zerbitzuen erosketa (1,3 milioi) eta inbertsioak (milioi bat).
Langileriak hartzen dituen 7,4 milioitik, 2,6 milioi Ganberako profesionalei dagokie. Talde horretan daude sarturik funtzionarioak (39), kontratatuak (16), aldi baterako kontratatuak (3) eta Parlamentuko taldeen laguntzaileak.
Parlamentarioek 2,5 milioi jaso zuten. Parlamentuko lehendakariaren soldata 71.942 eurokoa da.
Transferentzi arruntei dagokienez, ia dena Parlamentuko taldeek hartzen dute: 2,6 milioi. 2019an hauteskundeak egin zirenez, taldeek harturiko ordain-sariak IX. zein X. legegintzaldikoak dira. Aipatzekoa da Ahal Dugu-Orain Bai taldeari zegokion diru-laguntza eman gabe gelditu zela, taldeko kideak ez baitziren ados jarri ordainketarako kontu-korrontea ematerakoan.
Kontuen aurreproiektua aztertuta, ongi islatzen ditu ondare eta finantza egoera, eta baita 2019ko aurrekontu emaitza ere. Legezkotasunaz ere aldekoa da iritzia, Parlamentuko kudeaketa ekonomikoa legediaren araberakoa baita.
Parlamentuak bete egin du Kontuen Ganberak iazko txostenean emaniko gomendio bat: Parlamentuko taldeei jasotzen dituzten diru-laguntzek kontabilitate propioa izatea, ordain-sari horiek behar bezala erabiltzen direla bermatzeko.
Iaz bezala, aurten ere beste gomendio bat aipatzen da: bete gabe dauden lanpostuak deialdi publikoan ateratzea. Alde horretatik, Parlamentuko Mahaiak erabaki bat hartu zuen pasa den uztailaren 15ean legelari nagusiak Parlamentuko zerbitzuen berrantolaketari buruzko txostena egin dezan, bete gabeko lanpostuak atera baino lehen. Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek erabakiaren berri eman dio Kontuen Ganberari, eta idazkia txostenari erantsi zaio.