Skip to main content

ASOCEX

2003/20 Nafarroako su itzaltze eta salbamendurako zerbitzuaren Partzuergoa Tafallako Udala (2002)

Argitalpen data

Nafarroako Comptos Ganberak Suhiltzaileen Partzuergoari buruzko fiskalizazio txostena ezagutarazi du. Bertan aztertzen diren gaiak honakoak dira: aurrekontu kitapena, ondare egoera, legezkotasuna eta azken txostenak eginiko gomendioen jarraipena. Datu guztiak 2002koak dira.

Txostenak azaltzen duenez, Suhiltzaileen Partzuergoa 1990ean sortu zen, Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren arteko hitzarmenaren ondorioz. Partzuergoaren estatutuak dioenez, partzuergoaren helburu nagusia hauek dira: suak itzaltzea, arriskuan dauden pertsonei babesa eskaintzea eta leku publikoen segurtasun arloan aholkulari izatea.

Partzuergoak izaera jurudiko propioa badu ere, haren kudeaketa Nafarroako Gobernuaren esku dago, Lehendakaritza Departamentuan hain zuzen ere.

1994an Nafarroako Parlamentuak onarturiko planak helburu batzuk finkatu zituen zerbitzuan ahalik eta erakinkortasun handiena lortzeko asmoz. Gaur egun beste plan bat prestatzen ari da hurrengo urteetarako.

Txostenak emaniko datuen arabera, Suhiltzaileen Partzuergoak 15 milioi euro gastatu zituen iaz, aurreko urtean baino %10 gehiago. Langileriarena da gastuaren zati nagusia, soldatetan 11,9 milioi gastatu baitziren (aurrekontuaren %79).

Plantila organikoak jasotzen duenez, partzuergoak 543 langile ditu, baina 324 lanpostu besterik ez dira bete. Lanpostu gehienak C mailakoak dira.

Langileen artean hiru mota daude, bakoitzak bere lan baldintza bereziak dituena: Gobernuko funtzionarioak, Iruñeko Udalekoak eta Partzuergoak berak kontrataturikoak. Comptos Ganberaren ustez, lan bera egiten dutenen artean lan baldintza diferenteak izatea ez da batere ona langileriaren kudeaketarako.

Bestalde, kontratazioetan ez dago irizpide argirik. Izan ere, batzutan partzuergoak egiten ditu eta bestetan gobernuak. Gobernuak egiten dituenean, batzutan gastua Gobernuak berak hartzen du bere gain, eta bestetan partzuergoak.

Langileri arloan beste arazo batzuk ere salatzen dira, esate baterako, behin 55 urte bete ondoren lanean segitzen dutenen lan baldintzak. Izan ere, adin horretara heldurik, suhiltzaileak lanean segi lezake baina suhiltzaile lana utzita. Estatutuaren arabera 55 urtetik gorakoek laguntza-lanak egin behar dituzte, baina zeregin horiek ez daude arauturik. Gaur egun 42 lagun daude egoera horretan.

Nominetan ere badira arazoak: idatzitako prozedurarik ez dago eta soldaten eta kontuen arteko adospenik ez da egiten. Langileen espedienteen egoera ez da batere egokia eta ordainsari aldagarriak ez daude araututa, ez dira behar bezala justifikatzen eta ez dira egiaztatzen.

Inbertsioei dagokienez, txostenak autoak aipatzen ditu. Partzuergoak autoak aldatzeko plana egina badu ere, helburuak ez dira betetzen ari. Planaren arabera zaharkituak diren 35 auto erabiltzen ari dira (autoen %30). Horregatik, Comptos Ganberak uste du inbertsio plana behar bezala burutu behar dela suhiltzaileen autoak egoera egokian mantentzeko.

Azkenik, txostenak barne kontrola eta kudeaketa hobetzeko neurri batzuk proposatzen ditu. Horietako bat Gobernuarekiko menpekotasun maila argitzea da. Bestalde, langileriaren lan baldintzak batzeko beharra azpimarratzen du. Bete gabe dauden lanpostuak betetzea eta langileen ordainsari aldagarriak hobeki kontrolatzea dira, besteak beste, txostenak langileri arloan eskaintzen dituen gomendioak.