Skip to main content

ASOCEX

2016/36 Nafarroako Toki sektorea (2014)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2016/36 Nafarroako Toki sektorea (2014) ()
Nafarroako Kontuen Ganberak 2014ko toki sektoreari buruzko txostena kaleratu du. Txostenaren helburua da gure lurraldeko udal eta gainerako toki erakundeen egoera orokorra aztertzea.

Txostenak dioenez, Nafarroan 715 toki erakunde daude: 272 udal, 347 kontzeju, 65 mankomunitate, 19 elkartze tradizional eta 12 partzuergo. Aurreko urteko datuekin alderatuz, 12 toki erakunde gehiago daude, denak toki partzuergoak.

Aipaturiko toki entitateek, beren aldetik, 128 erakunde, enpresa eta fundazio sortu zituzten zerbitzuak emateko.

Kontuen Ganberak dioenez, Nafarroako udalak oso txikiak dira: %70k 1.000 biztanletik beherakoak dira. Udalak hain txikiak izatearen ondorioa da baliabide gutxi izaten dituztela udal zerbitzuak behar bezala eskaintzeko.

Horregatik, eta Kontuen Ganberak askotan egin duenez, dei bat egiten die Parlamentuari eta Gobernuari udal mapa berriaren aldeko apustua egin dezaten. Alde horretatik, aipatzekoa da oraingo Gobernua bide horretan hasia dela, parte-hartze prozesu baten bitartez. Horretan ari dira lanean Parlamentuko, Gobernuko eta Udal eta Kontzejuen Federazioko ordezkariak. Kanpoko aditu batzuei ere laguntza eskatu zaie.

2014ko datu nagusiei dagokienez, udal sektorearen diru-sarrerak 747 milioi izan ziren, eta gastuak, berriz, 719 milioi. Biak aurreko urtekoen antzekoak dira.

Diru-sarrera gehienak (%93) bi bidetatik datoz: Nafarroako Gobernuaren transferentziak eta zergak. Gastuei dagokienez, ohiko gastu eta zerbitzuen erosketenak eta langileriarenak dira nagusiak: %70. Inbertsioak gastuen %12 dira.

Udal sektorearen zorra 337 milioikoa da, aurreko urtean baino %12 gutxiago. Udal eta gainerako toki erakundeek 170 milioi zituzten diruzaintzan, eta horretan ere bilakaera ona izan da, %65 handitu baitzen.

Laburbilduz: Nafarroako toki erakundeen finantza egoera ona da, eta adierazle guztien bilakaera ere positiboa. Nafarroako udal eta gainerako toki erakundeek ongi erantzun diete krisiaren arazoei, ohiko gastuei eutsiz eta inbertsioak gutxituz.

Azkenik, txostenak udal kudeaketa hobetzeko gomendio batzuk jasotzen ditu: toki erakunde guztien kontuak biltzeko atari edo leku bat sortzea, gardentasuna hobetzeko; Estatuak aurrekontu-egonkortasunerako emaniko arauak hemengo udal araudi berezira egokitzea; eta udal batzuek langileekin negoziatzen dituzten lan hitzarmenak ongi aztertzea, horietako batzuk udalen eskumenetik kanpo daudelako eta ezberdintasunak sortzen dituztelako udaletako langileen artean, eta baita udal berekoen artean ere.