Skip to main content

ASOCEX

2015/18 Nafarroako Ubideko toki ureztagarriak

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2015/18 Nafarroako Ubideko toki ureztagarriak ()
Kontuen Ganberak Nafarroako Ubideak ureztaturiko esparruen egoera aztertzen duen txostena kaleratu du. Parlamentutik heldu zen txostena egiteko eskaera, Geroa Bai taldeak bultzaturik. Txostenaren helburu nagusiak dira ureztatze sistemak sorturiko kostuak, eta hortik atera daitezkeen etekinak kalkulatzea.

Ubideak hartzen duen eremua ureztatzeko Itoizko urtegia eta ubideaz gain, beste bi azpiegitura behar dira: esparru bakoitzeko ureztatze sistema eta bestelako azpiegiturak; eta lur-sail bakoitzeko instalazioa.

Nafarroako Ubidearen eraikuntza izen bereko sozietate publikoa egiten ari da. Enpresa Estatuak eta Nafarroak sortua da: Estatuak kapitalaren %60 du eta Nafarroak %40.

Ubidearen helburua da ura Itoiztik Ablitaseraino eramatea, 59.000 hektarea ureztatzeko. Aragoi ibairaino doan lehen fasea eginda, 22.500 hektarea urezta daitezke eta Iruñerriko eta Mairagako Mankomunitateek ere ura hartzen dute hortik. Bigarren fasea hasi aurretik, lehenbizikoa handitu egin da, Arga eta Ega ibaietara heldu eta 15.000 hektarea gehiago ureztatzeko.

Esparru ureztagarriari dagokionez, lehen fasea Nafarroako Gobernuak egin du, enpresa bati emaniko kontratu baten bidez. 2006tik ari dira esparruko zatiak martxan jartzen. Horretarako, lur-sailen kontzentrazioa eta obra batzuk egin dira. Lur-sailen jabeek gatuaren %15 ordaintzen dute eta gainerakoa Gobernuak, kanon baten bidez. Enpresa instalazioen mantentze-lanez ere arduratzen da, eta horren kostua jabeek ordaintzen dute.

Kontuen Ganberak dioenez, zaila da holako azpiegitura baten emaitzaz iritzi garbia ematea, balantzeak epe askoz handiagoa eskatzen duelako. Nolanahi ere, ura ondasun estrategikoa dela aipatzen da eta, beraz, ura ziurtatzeko proiektua positibotzat har daitekeela.

Azpiegituren kostuari dagokionez, 1.050 milioi euro da, Itoizko urtegia, Ubidearen lehen fasea eta ureztaturiko esparruko lanak kontuan hartuta. Nafarroako 390 milioi ordaindu behar ditu, Estatuak 356 eta erabiltzaileek 304. Dena den, Estatuak ordaindutakoaren %70 erabiltzaileek pagatuko dute kanon baten bidez, 50 urteko epean.

Esparru horietan landatzen ari diren landare-motei dagokienez, kopurua handitu egin da, hirutik 48ra. Artoa da orain gehien lantzen dena, orain gutxi arte batere lantzen ez bazen ere. Hurrengoak barazkiak (19 mota), garagar eta mahatsa dira.

INTIA sozietate publikoak 2013an eginiko azterketaren arabera, azpiegitura berriek 15 milioitan hobetu zuten enpresen emaitza. Dena den, iaz egoerak okerrera egin zuen hainbat produktutan. Kontuan hartzekoa da prezioetan gorabehera handiak izaten direla, eta horrek nabarmen baldintzatzen duela emaitza.

Bestalde, ureztatu diren esparruen arteko aldea handia da emaitzei dagokienez.

Txostenak inbertsioen amortizazio-epeak ere aztertu ditu. Nafarroako Ubideari dagokionez, nahiko murritza da. Horregatik, gaurko laborariendako egoera ez da erraza. Izan ere, gain-kostuari aurre egin behar diote eta, bestalde, labore aldaketak dakarren gastua ere ordaindu behar dute.

Inbertsioek lanpostuetan izan duten eragina ere aztertu da. Hau azterketa mugatua da, Laborantza Gizarte Segurtasunaren datuekin egina. Konklusioa da azken hamar urteotan Laborantzan ari zirenen kopurua %14 jaitsi dela. Ureztaturiko esparruetan, berriz, jaitsiera txikiagoa izan da: %6.

Azkenik, Kontuen Ganberak dio lur-sailen %87n ureztatze sistema martxan jarrita dagoela. Alde horretatik, prozesua azkarra izan da.

Txostenak biltzen dituen gomendioen artean bat nabarmentzen da: holako azpiegitura handi eta garestien finantziazioa ongi aztertu behar dela, belaunaldi ezberdinetako jendeak hartzen duen zama orekatzen saiatzeko, eta lur-sailen errentagarritasuna errazteko, batez ere hasierako urteetan.